Monday, September 24, 2007

Euskararen Doluminak - Luis Haranburu Altuna


Lehenego eta behin: mea culpa. Badira hilabete pare bat liburu hau bukatu nuela eta aipua idazteko unea atzeratuz ibili naiz une oro. Hain utzirik izan dut Orrua, Ebilio Motinek nire aipu zaharrak erreskatatu behar izan dituela bere navegalia posta - kontu preistorikotik.

Goazen harira: liburu honek ez du aparteko oihartzunik izan. Liburu hau oso gutxi salduko zen ziurrenik. Eta hala ere, euskararen inguruko problematikaren ulermenerako tresna ezinbestekoa bihurtu da gaur egun.

Hasteko, niretzat liburua hain baliotsua egiten duen datua: Haranburu Altuna abertzaletasunaren prismatik kanpo kokatzen da, eta euskararen errealitatearen inguruko gogoetan enfoke hori aurrez - aurre hartzen du. Horrela, gutariko askori dexente nekatzen gaituzten topikazo guztietatik aparte kokatzen du bere burua, bakarti, hizkuntzaren gaineko bere kezkak azaldu eta aztertzeko asmoz.

Postura ausart horretatik, beste edozerren gainetik, autokritika saio latza egiten du idazleak. Autokritika euskaldun moduan, euskararen gaineko topiko eta mito asko bere lekuan jarriz, eta hizkuntza abertzaletasunarekin estu - estu lotuta doanean sortzen diren egoera paradoxiko asko salatuz. Azken batean, euskaldun askok azken urteotan buruan darabilgun ideia orokor hori, alegia, badirudiela dena abertzaletasunaren "pack"ean sartuta ematen digutela euskaldunoi. Duela 30 urteko ikuspegi totalista erromantiko hori, globalizazioaren, micro - auzoen eta ziber - etnien garaian.

Zalantzarik gabe: etorkizunean nondik egin behar dugun aurrera aztertzeko dago oraindik. Atxagaren euskal - auzoa ideia bat izan daiteke. Egingo dugu aurrera, handik edo hemendik, azken mendeetan egin den bezalaxe. Baina bada garaia iraganeko konpleju, zama eta zaborreria ideolojiko guztia arintzen hasteko. Ez du beste inork egingo gure ordez, eta gure hizkuntza formoletan kontserbaturiko errelikia moduan geratzea nahi ez badugu, aurrerapausoak eman behar dira nahi ta nahiez. Nire gomendioa: irakurri liburu hau, edozein abertzalerentzat ere iritzi propioa aberasteko tresna baliagarria da.

No comments: