Friday, November 23, 2007

Los 70 a destajo: Ajoblanco y libertad (Pepe Ribas)




Jadanik pasatu dira hilabete batzuk liburu hau bukatu nuela, eta bada garaia iruzkina egiteko, irakurritakoa ahaztu baino lehenago. Onartu behar dot ez nazela horrelako autobiografia – saiakera lanetan aditua, ezta gutxiago ere. Baina 70. hamarkadako oroitzapen eta detailez beteriko “totxo” honek nire espektatiba guztiak luze ase zituen esku artean iraun zizkidan 15 – 20 egunetan.

Sinopsi labur bat egitearren, liburuan Pepe Ribas aktibista (nolabait deitzearren) Bartzelonarraren memoria aurkituko dugu, 70. hamarkadan bizitako saltsa sozio – poltiko – artistikoan igeri egiten, eta batez ere Ajoblanco aldizkariaren lehen bizitza etapan zentratuta. Pepe Ribas aldizkariaren sortzaile eta bultzatzailea izan zen, eta urte horietako bere jarduna frente askotan egon zen bananduta: literatura eta musika interesak, aktibismo soziala, gorabehera politikoak garai latzetan (Frankismoaren azken urteak eta transizio hasiera ondo islatuta agertzen dira orriotan), eta azken baten guzti hori bere baitan bilduko zuen Ajoblanco aldizkariaren sorrera eta koordinazioa.

Orriotatik ehundaka pertsonaia ageri dira, garai haretako Bartzelonaren erretratu bizia osatzen dutenak: fakultateko ikasle eta irakasleak, artistak, Rambletako pertsonajeak, kataluniar burgesia (askotan gertatu ohi den bezala, Ribasen jatorrizko mundua), era guztietako politikariak... etorkizunean dena posible izan zitekeela uste zen garai bateko taupadak sentitzen dira liburua irakurtzean, zelan kudeatu zituzten talde eta alderdi desberdinek esku artean zituzten aukerak, eta azken baten gaur egun bizi dugun egoeraren arrazoi batzuk zeintzuk diren.

Horretaz gain, norbere proiektu pertsonala ekin nahi duen ororentzako ere oso gomendagarria da Los 70 a destajo. Garai haretako egunerokoak gorde izanari esker, Ribasen zalantza, sinismen, beldurrak, usteak, konfidentziak... lehen eskutik jasoko ditugu, utopia eta errealitatea apurtxo bat hurreratu zituen proiektu baten nondik – norakoen bitartez.

Azken finean, lehen eskuko konfidentza guzti horiek liburuaren muina dira, lana oso gomendagarria bihurtzen duen “balio erantsia”.