Thursday, November 23, 2006

Porca Memoria (Hasier Etxeberria + David de Jorge)


Porca Memoria bezalako lanak nekez sailkatu daitekez ohiko jeneroen barruan (ipuina, nobela, entsaioa...). Egia esan, ez neuke jakingo zelan definitu liburu bitxi hau. Agian, “Sukaldaritzaren harira etorritako oroimenen bitartezko errekreazio literarioa” dei geniezaioke. Edo, ponposidadeak albo batera itzi eta maltzurragoak izanda, “Ondo jatearen lagun handiak diren bi golforen errekordu morbosoak, (ia) beti gastronomiaren harira”.

Izan ere, Hasier Etxeberriak eta David de Jorgek bide oso interesgarria aukeratu dute artifizio literario hau eraikitzeko orduan. Lehenik eta behin, irreberentzia dosi handiak dituen edozein liburutan gertatu beharko litzatekeen moduan, beraien buruetaz barre eginez hasten dute asuntoa: Janariarekin loturiko oroitzapenekin liburu bat egiteko asmoa duten bi urde direla azaltzen dute, bata besteari zirikada ederrak emanez... gainera, liburuko kapituloak “orain zuk, orain nik” eran idatziko dituzte, kapitulu batetik bestera bien arteko komunikazioa mantenduko delarik.

Bestetik, oso interesgarria da jenero orotik kanpo kokatzen den lana izatea. Pasarte batzuk nobelaren plazerrarekin irakurtzen dira, beste batzuk entsaioaren eremuetara hurbiltzen diren bitartean. Eta zer esanik ez, gastronomiarekin lotutako anekdota ugariek ipuin itxura hartu ohi dute sarritan.

Azken baten, liburuaren muina bi idazleen anekdotario zabala dela esan dezakegu. Eta batak zein besteak ondo dakite zertaz ari diren. Printzipioz Hasier Etxeberria idazle gourmet-aren paperean koka dezakegu, baina sukaldaritzarekin duen harremana benetan estua da: ETBrentzako hainbat sukaldaritza programa zuzendu zituen 80. hamarkadan, eta sukaldaritzaren inguruko hainbat liburu idatzi izan ditu (batzuk David de Jorgerekin batera). Hortaz gain, nabaria da Etxeberriaren Bon Vivant profila: bere inguruko jatetxe haundi guztietatik pasatua da, eta ez da lehen aldia bere andantza gastronomikoen inguruko oihartzunen bat heltzen zaigula (Larrabetzuko artxo – jan literarioa, edota Hasierrekin batera zegoela, bere iloba Mexikarra jatetxe horietako batetik “doblatuta” irten zenekoa...).

David de Jorge ostera, sukalde munduan da ezagunagoa. Txef handienen jatetxeetan egin ei izan dau lan (El Bulli, Zuberoa, Berasategi, Mugaritz...), azken aldian aholkularitza gastronomikora hurbildu den arren. Antza, tertzio aldaketa horrek idaztearen arloa ere inplikatzen du, sukaldariak oso komunikatzaile txarrak direla esaten duen arren, luma hartzera ausartu izan baita azkenaldian.

Eta egia esan, nahiz eta kontatzen dituen gauza ugari interesgarriak izan arren (batez ere sukalde “profesionalen” tripen deskribapenak), nabari da idaztearen arloan De Jorge Etxeberria baino eskastxoago dabilela. Ez “pobrezia literario”agatik, baizik eta justu kontrakoagatik: berari dagozkion kapituluetan sukaldaritza soil eta “konklusibo” baten aldeko hautua egiten duen De Jorgek, askotan testua guztiz korapilatzen du, atzera eta aurrera eginez, aipu mordoa sartuaz eta, azken finean, irakurlea apur bat mareatuz. Ni behintzat, bere pasarte batzuetan apur bat galduta sentitu naiz, noria batetan bueltaka ibiliko banintzateke legez.

Etxeberria ostera (azeri zaharra), oso eroso mugitzen da gaztetako oroimen morbosoen, oturuntza memorableen deskripzioen eta bere esperientzia eta hartuemon profesionalen (Oteiza, Argiñano, Aduriz...) kontakizunetan. Pasarte hauetariko asko gozatzeko modukoak dira.

Ez naz gehiago luzatuko: liburu irakurterraza, interesgarria eta diferentea. Gizakiarentzat hain oinarrizkoa eta betidanik plazerraren iturburu izan den janaria oinarritzat hartuta inbento polita egin dute idazleek, irakurle kurioso orok (eta, batez ere, neu bezala Bon Vivant direnek) apreziatuko duten saiakera.