Thursday, February 08, 2007

Los Detectives Salvajes - Roberto Bolaño



Ezohikoa eta ederra benetan irakurri berri dodan nobela hau. Agian inoiz ikusi dodan nobelarik enigmatiko eta arraroena. Gorputzean halako sentsazio arraro bat itzi deust, sortzen deutsun ezinegona eta bere irakurketaren gozamenaren arteko nahasketa bat...

Nonbaitetik hastearren, igartzen da idazleak ez dauela perspektiba eroso eta liriko batetatik idazten. Izan ere, Roberto Bolaño-taz dakidan apurrak idazle “destroyer” eta bohemioaren figura dakarkit gogora. Txiletarra jaiotzez, harat honat ibili zan Espainian finkatu arte. Era guztietako lanetan aritu ta gero, bere bizitzako azken urteetan nolabaiteko errekonozimendua izan zuen, bere lanik onenak sasoi horretan argitaratu zituelarik. Dena den, garai on honek ez zuen askorik iraun, 2003an hil baitzen artean berrogeitapiku urte zituela. Los Detectives Salvajes, bere lehen lan handiaren argitalpenetik 5 urte besterik ez ziren pasatu.

Nobela honetan Arturo Belano (nolabait esatearren Roberto Bolaño beraren alter egoa dena) eta Ulises Lima poeten andantzak eta mudantzak kontatzen dira. 70garren hamarkadaren erdialdera Mexico DFn daude, “real visceralismo” deritzon literatur mugimenduaren buru bezala, harik eta Cesarea Tinajero poeta misteriotsuaren gainean ikertzen hasten diren arte. Bere bila abiatzen dira Sonorako deserturantz, bertan zer topatuko duten jakin barik. Kontua da deserturako bidai horren ondorioz nomada bizimodu bati hasiera emango diotela, eta nobelan zehar hurrengo 20 urteak kontatzen dira, non Belano eta Limaren bidaia Israel, Espainia, Suitza, Paris, Nicaragua edota Sierra Leona moduko tokietatik pasatuko den.

Pasarte bakoitza, denbora eta toki konkretuetan kokatua, pertsonai desberdinek kontatzen dute. Ulises edo Arturo ezagutu zuten pertsonak, agian bere aurreko ezertxo ere ezagutzen ez zutenak, baina aste edo hilabete batzuetako pieza bat ematen dutenak bidai handi horren puzzlea osatzeko lanean. Gainera, kontalari hauek protagonistak ezagutu zituzteneko garaiak eta beraien egoera pertsonalak ere plazaratzen dituzte, kasu batzuetan Belano eta Lima baino interesgarriagoak bihurtuz. Adibidez, niri izugarri gustatu jat Xose Lendoiro galiziar abokatuaren pasartea, momentu horretan nobela orduko 100km.tik 250era pasatu izan balitz moduan. Afrikako pasarteak kontatzen dituen argazkilariarenak ere badute halako zera berezi bat...

Bolaño anbiguotasun eta subjetibotasunean oso eroso sentitzen da, eta askotan kontakizuna muga naif edo absurdoetara hurreratzen duen arren, beti dago ukitu bitalista edo esentzialista bat kontakizunarekin harremanetan mantentzen zaituena. Ez dakit ondo azaldu ete dodan. Nobela irakurtzen dozun bitartean, baliteke momentu batzuetan apur bat galduta sentitzea, baina hala ere irakurtzen dozuna barreneraino heltzen da zuzen – zuzen. Noski, Bolaño petsonaia abaniko zabal horretaz baliatzen da bizitzaren aurreko jarrera eta iritzi mordoa azaltzeko... anabasa zorrotz bezain iradokitzailea sortuz.

Nobela luzetxoa da, baina nire ustez benetan merezi duten horietakoa. Are gehiago: irakurketa bat baino gehiago behar duten liburu horietakoa dela esango nuke. Baina uste dot bigarren buelta bat emon baino lehenago Bolañok bizitzan idatzi zuen azkeneako nobelarekin ausartuko nazela: 2666.