Saturday, December 31, 2005

"Min arraroa da... Inoiz biziko ez duzun zerbaitengatik oroimenez hiltzea"


Izenburua: Zeta. (Seta)

Egilea: Alessandro Baricco.

Argitaletxea: Igela.

Orrialdeak: 112.

1958.ean jaio zen Alessandro Baricco Turinen. Filosofian lizentziaturiko idazle eta kazetaria da, liburu programa bat zuzendu izan duena eta idatz eskola bat fundaturikoa.

Hervé Joncourren istorioa dugu hau, zeinetan berak hainbat bidai egingo dituen Japoniara Zeta beldarren arrautzak eskuratzearren. Bueltan ordea, arrautzak baino garrantzitsuago diren kargamendua ekarriko du, barne kargamendu berezi bat.

Labur eta hizkuntza poetikoz idatzitako liburua dugu hau. Bariccoren hitzetan, keinu bidez eta ez pentsamendu bidez kontatu nahi zuen Zeta istorioa, keinu bidez bakarrik. Beharbada horregatik du eleberriak egitura desberdina. Hirurogei ta bost kapitulutan banaturik dago, orrialde bakarrera iristen ez direnak ugari direlarik. Gainerantzean deskribapenen falta, tarte askoren errepikapena eta hizkuntzaren poetikotasuna nabarmenduko nituzke. Astiro irakurtzekoa beraz, zaporea hartu nahi bazaio behintzat. Bukaeran borobildua den liburua dela esango nuke, istorioa itxiz bukatzen dena. Hori bai, tartean gauza asko gertatzen ez delako sentsazioa izan dezake batek behar duen patxadaz irakurtzen ez badu. Nik behintzat bigarrenez irakurtzeko premia nabaritu dut, Bariccok azaltzen dituen keinu poetiko horiekin berriro bustitzearren.

©

Friday, December 30, 2005

El cuerpo


Izenburua: El Cuerpo (The Body).

Egilea: Hanif Kureishi.

Argitaletxea: Anagrama.

Orrialdeak: 270.

Ingalaterran jaio eta hazirikoa dugu Hanif Kureishi. Londoneko King’s College-ean burutu zituen filosofia ikasketak eta han hasi zen antzerki lanak idazten. Honetaz gainera, kontakizun liburuak, pelikula gidoiak eta eleberriak idatzi ditu, hainbat sari jaso dituelarik.

Ingelesa izan arren, bere familia, edo aita gutxienez, Pakistandarra zen. Honela, familia etorkinen arazo jenerazionalak landu ditu bere obran zehar. Eta lan honetan, etorkinena bakarrik ez, baizik eta guraso ta seme-alaben arteko harreman tirabiratsuak jorratzen ditu behin eta berriro. Harrapaturik dauka arazoak idazlea dirudienez, ezin baitezake bere lanetatik urrundu. Eta hau “My ear at his heart” bere azkeneko eleberrian ikus dezakegu berretsirik.

Liburu honi dagokionez, zazpi atalez osaturik dago: “The Body” eleberri laburrarekin hasi, eta beste sei ipuinek jarraitzen diote. Hasierakoan, gazte baten gorputza jasotzen duen agure batez dihardu, eta honek dakarzkion abentura zein arazoetaz. Beste ipuinei dagokienez, tentsio familiarra ardatz duten kontakizunak direla esango nuke,. borobildurik ez daudenak, baina zer pentsatu ugari ematen dutenak. Batez ere, berak duen arazo berdina dutenetzat.

Honelakoak (“Ciudadano de ninguna parte, habito el País de Follar”) aurkituko ditugun arren, ez dezala irakurleak pentsa eleberriak ez duela barrenik, izan ere, batzutan hain da barnekoia, kosta egiten dela guztiz ulertzea.