Wednesday, September 19, 2007



Basamortu izugarri hau zeharkatu behar dudalarik kontsolatu egiten nau area aurretiaz zapaldurik dagoela ikusteak. Elkanok eta bere gizonek aspaldi eman zion munduari bira itsasuntziz. Eta Herzog-ek idatzi zuenez, bizitzan beti dago Annapurna bat, honek mendi formarik izan ez arren.

Izatez, gizateri osoak egin du bide hau bera guk baino lehen. Gu ume ginen artean, gazte hasi ziren idazten idazle zenbait, bizitzari buruzko gogoetak pilatzen. Ezagutzen ez zituzten irakurle batzuentzako mapak marrazten. Orain, gu baino metro batzuk aurrerago doaz bizitzaren bidean, hurrengo bihurgune dugun horren ostean zer dagoen jakitun, ezagutzen ez ditugun anai nagusi. Azken finean, denentzako bide berdin-berdina izan ez arren, denok ditugu kezka bera edo antzekoak, “unibertsal” definitu daitezkeenak.

Zahartzen ikusiko ditugu, eta gu zahar garen artean, hiltzen. Edo horrela behar luke. Bizitza ordea, zoritxarrez edo zorionez, ez da lineala. Mila adarreko zuhaitz okerra baizik. Eta zeinek jakin zu baino hogei urte zaharragoa den idazle hori zuhaitz puntara heldu baino lehen, zure adar fina ez ote den apurtuko, oraindik enborretik urrundu ere egin ez zarelarik.

“Norberaren kontabilitatea hiru mila urtez eramaten ez dakien hori, ezjakitun lez gelditzen da ilunpean, eta egunean bakarrik bizi da.” Goethe

No comments: