Wednesday, July 12, 2006
Cartas a Nuria.
Izenburua: Cartas a Nuria: Historia de la ciencia.
Egilea:Ramon Parés.
Orrialdeak: 377.
Argitaletxea: Almuzara
Liburu honekin sail berri bati eman nahi diot hasiera, zeinetan irakurtzeko gai izan ez garen liburuak komentatuko ditugun. Norbaiti behin irakurri nion bezala, edadearekin liburuak erdi irakurrita uzten ikasten da ere.
Ramon Parés Farrás Bartzelonako Unibertsitateko mikrobiologiako katedratiko izan zen 1998. urteraino eta 1995-2003 tartean Reial Académia de Ciéncies i Arts-eko presidente izan zen. Bere bizi guztian “bi kulturak” uztartzen saiatu da, humanista eta zientifikoa.
Liburu honetan, bere alabarekin mantenduriko harreman epistolarra ardatz duelarik (hau Montpellierren doktoretza egiten ari zelarik) zientziaren historiaren laburpen zehatz eta sakona egiten du. Eta hau izan daiteke liburuari egin dakiokeen kritikarik zorrotzena, lar sakon eta zehatza izatea, autore asko aipatzen dituelako, baina era berean azaletik baino ez dituelako lantzen. Eta nahasteko baino ez ote duen balio galdetzen dio norberak bere buruari.
Orrialde batean bost autore landu ditzake bakoitzari paragrafo bat besterik eskaintzen ez diolarik. “Ikuspegi sakon bat ematea espero dut” dio hitzaurrean. Eta “globala” guztizkoa eta zehatz moduan definitu ezkero ondo dago, baina bestela... Irakurlea galdu egiten da hainbesteko izen eta datuekin. Hobe luke “Sofiaren mundua”n Gaardner-ek egin zuena egin: autore gutxi batzuk aukeratu eta kito. Osterantzean nik espertuentzako bakarrik gomendatuko nuke liburua, hau da, zientziaren historiaren mundua zehatz mehatz ezagutzen duten hoientzako errepaso moduan.
Liburuan bestalde, akats ortografiko ugari aurkitu ditut, hau da, askotan sartu zaie behar ez zuen letraren bat. Eta honek, editoreak ere paragraforen batzuk gainetik besterik begiratu ez dtuelako susmoa ekarri dit. Ze askotan, kasuko autorearen lan edo hipotesi zehatzetan murgiltzen da egilea eta ezinezkoa da matematikari, filosofiari zein medikuntzari buruz hainbeste jakitea liburua jarraitzeko eran, eta honek azkenean asperdura dakar.
Eta bukatzeko esango nuke liburuari autoreka doan indize bat falta zaiola, hainbeste lantzen dituenez gero. Liburuaren ideia ona zan, baina emaitza apur bat nahasgarria.
Urteren batzuen buruan berreskuratuko dut beharbada.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment