Saturday, July 15, 2006

Edo neska euskaldunek catennaccioa gustoko dute

Pako Aristiren enbidoa

Sentimendurik gabeko azpeitia

Egunotan Arthur falta da Azpeitian. Arthur Cabo Verden jaio zen duela 30 urte. Beltza da eta 1’90ko altuera dauka. Fideon egoten zen askotan, eta beharbada han ikusita ezagutuko duzue askok: euskal txapela jantzita egoten zen, eta begi ezkela zeukan, jaiotzatik.

Gau batean berarekin hizketan egon nintzen. Zazpi hilabete eman ditu Azpeitian, sukaldari lana egiten jatetxe batean. Oso pozik zegoen, oso pozik egon da. Euskaldunen artean ondo konpontzen zen, estimatzen gintuen. Baina keja bat zeukan, eta ez halamoduzkoa: ez zuen ligatzen. Zazpi hilabeteotan ez du batere ligatu; zazpi hilabete daramatza ezertxo ere gozatu gabe.

Badakit zer esango duzuen askok: “Nik gehiago zeramat, ez duk Azpeitia ezagutzen!”, edo bestela “zer nahi duk ba, beltza izanda!”, edo agian “harritzen nauk, beltzak duzuen kerten-luze fama horrekin”.

Niri horregatik gustatzen zait hainbeste kanpoko jendearekin hitz egitea: geure buruari eta geure gizarteari buruzko gauza interesgarriak esaten dituztelako, gauza berdaderoak, inongo mozketarik gabe. Ez dut ulertzen kanpotarrei zaien errezeloa, ezinikusia, mesfidantza, kanpotar horiek, eurekin hitz egiten hasi aurretik, zerbait demostratu behar balute bezala; alegia, onak direla, jatorrak, leialak, ez lapur, likits edota sasikume doilorrak.

Arthur itsasuntzietan ibili da sukaldari urte askotan. 51 itsas-portu ezagutu ditu, Espainian, Portugalen, Holandan, Irlandan eta abarretan, eta Azpeitian bezalako lehorterik ez omen du ikusi. Itsas-herri haietan guztietan errazagoa omen zen lagunak egitea, neskekin hitz egitea, lehenxeago edo geroago harremanak edukitzea. Hemen ezinezkoa, hemen desesperatu egin da. Hau agoantatuko duenik ez omen dago, eta uste dut alde egin duela hemendik, aspaldian ez baitut ikusi. Eta esan behar da Arthur ez dela mutil batere itsusia edo gaizki egina, alderantziz. Altua, planta onekoa, hizlaria, gaztelania ederki dakiena eta euskara apur bat, ez dauka ezer txarrik, begi ezkel horixe kenduta.

Arthur gizarajoa. Nik arrazoia ematen diot. Ez dago eskubiderik. Badakit ligatzea gauza pertsonal bat dela, bakoitzaren erabakia dela noiz eta norekin egin, baina Azpeitian gertatzen den ligatu ezina ez da normala. Koadrila gehienak, oraindik ere, mutilenak dira soilik, edo neskenak soilik. Koadrila nahasiak oso gutxi dira. Eta koadrila monosex horien artean oso harreman gutxi egon ohi da. Taldeka sartzen gara tabernan, taldeka ateratzen gara, denok batera, geure frustrazioekin, larunbata joan eta larunbata etorri. Ez dago koadrila batetik besterako traspasorik. Sistema hori nola hautsi behar da, leporaino zurrut eginez, gero gauza inkonexoak esateko? Sinpatikoarena ere asko egin behar da ligatzeko, txistosoarena, katxondeoaren baitan errazago irensten baita ezezko posiblea. Noiz arte horrela?

Gizarajoak, edo gajoak, euren bizitza afektibo eta amorosoa larunbata iluntzetara mugatzen duten pertsona bikotegabeak! Gizarajoa Arthur, kariño eta samurtasun piska bat baizik nahi ez zuena, lujuria piska bat, gorputzari gustu piska bat ematea besterik ez, eta holakorik probatu gabe ihes egin behar izan duena! Ez daukagu bihotzik! Azpeitia herri ankerra da kanpokoekin, herri gogorra bertakoekin ere. Azpeitia laguntza gutxi, erruki gutxi, berotasun gutxi banatzen duen herria da. Badira salbuespenak, jendearen artean, elkarteen artean. Baina Azpeitian enbidia ere ugaria da, hoztasuna, errezeloa, kanpokoarekin motzak izaten espezialistak dira azpeitiarrak. Gure sentimenduak agertzen erakutsiko diguten ikastaroak antolatu behar dira lehenbailehen.

(Uztarria.com-etik ateratakoa) 2006ko uztailak 15

No comments: