Wednesday, April 19, 2006

El ingenioso hidalgo Don Quijote de la Mancha (Miguel de Cervantes y Saavedra)



Brunoren itzulera letren errepublika bananero honetara ez da nolanahikoa izango. Adorea bildu eta azkenean irakurri berri dodan “El Ingenioso Hidalgo Don Quijote de la Mancha”ri buruzko aipua egitea erabaki dot.

Ez da gauza erraza, literaturaren klasiko handienetakoa izaki, beronen inguruko mito, balorazio eta prejuizioak ugariak baitira. Gainera, On Kixote Mantxa’koaren (euskerara itzuli zuen azpeitiarraren arabera, orain ez dot tipo honen izena gogoratzen) ingurukoak edonork ezagutzen dituela esan dezakegu. Danok dakigu Mantxako tokiren batetan Alonso Quijano aitonsemea zaldunei buruzko nobela larregi irakurtzeagatik zoratu eta, bere zaldi Rocinante eta arma zahar batzuk hartuta bidera irteten dela, berak esango lukeen moduan “para socorrer a los débiles, ayudar a viudas desválidas y desfacer entuertos”. Aurrerago Sancho Panza herrikidea batuko zaio ezkutari lanetan, eta biek batera jada topikoak bihurtu diren abenturak biziko dituzte iberiar penintsulako zenbait tokitan.

Quijotea autore eta ikerlari ugarik aztertu dute, eta ez naiz sartuko obra honen balorazio sakon eta akademikoak egiten, ezinezkoa izateaz gain erridikuloa izango litzatekeelako, hortik zehar hain analisi sakonak egonik. Baina analisi guzti horiek zerbaitetan ados badaude, honakoan izango litzateke: Quijoteak garrantzi historikoa du, ordurarte landutako jenero literario guztiak gainditzen dituelako planteamendu berri bati helduaz. Laburbilduz, historiako lehen nobela modernoa dela esan dezakegu.

Hala ere, lehen nobela moderno hau ez hasieratik moldeak apurtzeko intentzioarekin idazten. Igartzen da Cervantesek hasieran beste asmo batzuk zituela, istorio laburrago eta sinpleago bat egitea alegia. Baina momentu batetik aurrera, istorioa bera Cervantetaz jabetzen dela esan dezakegu, hain baitira aberatsak eta sakonak bertan jartzen dituen osagaiak… Horrela istorioa borobilduz joango da, askotan bide nahiko malkartsuak jarraituz, eta zenbait huts nabaritzen direlarik. Adibiderik garbiena Sanchoren astoaren lapurretan aurki dezakegu. Lapurreta hau, nobelak jasandako pasarte – aldaketa baten ondorioz lehen edizioan desagertu egingo zen, ez ostera astoa berriro agertzen deneko momentua, irakurlea nahiko aztoratuta utziaz. Koherentzia huts txikiak ere testu osoan agertzen dira… Munitibarko ermita baten egin dituzten aurkikuntzak kaleratu diren egun honetan, Quijoteak Erdi Aroko elizen eraikuntza prozesua gogorarazten digu: eraikitze estilo eta materialak bata bestearen gainean nahastuta agertzen dira, emaitza anabasa inperfektu bezain erakargarria delarik, bertan ikusi baitezakegu autoreak denbora tarte batetan izandako perspektiba aldaketa, eta hasierako ideiaren moldaketa prezeptu berrietara…

Dena den, hasierako asmotik urruntzen ari ote naizen susmoa daukat. Hau da, balorazio akademikoak alde batera utzi eta literatura zale soil bezala beste zale batzuei liburu honen gomendioa egitea.

Hortaz, harira joanez… zeintzuk izan daitezke Quijotea irakurtzeko arrazoiak?

Duda gabe, argumentuak gizakion dikotomia handienetakoa aztertzen duela: alde batetan jarrera idealista eta kimerikoa, eta bestean jarrera praktikoa eta fatalista, biak Quijotek eta Sanchok osatutako tandemean etengabe burrukan agertzen direnak.

Eta egia esan, tandem honen izaera berezia da nobelaren benetako amua. Pertsonaia aberatsak dira benetan, oso gertukoak egingo zaizkigunak (kariñoa be hartzen zaie momentu batetik aurrera), etengabe elkarrizketa mamitsuetan murgilduta egongo direnak, Cervantesi sekulako jokoa eskainiz.

Eta eskaintzen duten joko hori arlo umoristikorantz bideratuta egongo da askotan… egia esan, Quijotearen pasarte batzutan ia negar egin arte egin dot barre, nobelak deskribatzen dituen egoeren komikotasunak bultzatuta. Bizitzen diren egoera asko umore finez zipriztinduta daude, eta bikote mitiko honek sekulako egoera surrealistak gertatzea ahalbideratuko du nobelaren pasarte askotan.

Bestalde, Quijoteak XVII. mende hasierako gizartea hobeto ulertzen laguntzen du, ugariak dira garai hartako errealitate sozial, politiko eta kulturalera garamatzaten pasarte eta aipamenak. Adibidez, ez nekien garai hartan Iberiar penintsulan Otomanoen erasoak oraindik errealak zirenik. Honen inguruan detailetxo bat (Atharratzeren interesa piztuko duena duda gabe): Don Quijote Bartzelonara heltzen denan, berau agurtu eta inpresionatzeko hiru gerraontzi erabiltzen dituzte, hain zuzen Katalanek hiria eta bere inguruak turkiarren erasoetatik babesteko erabiltzen zituztenak.

Zentzu honetan, euskaldunok be badugu gure partea. “Vizcaino”en (garai hartan euskaldun guztiak ei ginen vizcainoak) gaineko aipuak nobelaren hainbat pasartetan agertzen dira, baina batez ere nabarmentzekoa da Don Quijote Sancho de Azpeitiaren kontra burrukatzen denekoa. Pertsonai honi Cervantesek “valeroso vizcaíno” deitzen dio, baina egia esan Don Quijote-k nobela osoan irabazten duen borrokaldi bakarrenetakoa da (horretan gauzak ez dira larregi aldatu mende guzti hauetan, ezta?). Hala ere, Cervantesek euskaldunok beste arlo batzuetarako ditugun dohainak goraipatzen ditu. Adibidez, ez dakit nongo idazkaria “vizcaino”a dela aipatzean, Sanchok zera botatzen du: “con esas características (euskalduna dela alegia), bien podria ser secretario del mismo emperador”.

Azken finean, onanismoan eta autoterapian oinarritutako hainbeste literatura argitaratzen den garaiotan, ez dator txarto iraganera jauzi bat egin eta bizitza, literatura ulertzeko beste modu batekin topo egitea. Cervantesek, nahiz eta bere izena eta pertsonaiak betirako hilezkortuta gelditu, ez zuen bizimodu errazik izan: besoa galdu zuen Lepantoko guduan, beranduago musulmanek preso hartu eta Aljerian lauzpabost urte egin zituen giltzapean, inoiz iristen ez zen erreskatearen zain. Beranduago, gaixotasun benereoren batek (sifilisa izan zitekeela diote) jota igaro ei zituen azken bizitza urteak, 70 urtera iritsi aurretik lurperatua izateraino. Hala ere, kapaza izan zen bizitza modu bitalista, umoretsu eta inteligentean enfokatzen duen nobelatzarra egiteko, betirako literaturaren urrezko letretan mantenduko dena. Izan ere, mendeak joan mendeak etorri gaurkotasun osoa mantentzen dute Don Quijote eta Sancho Panzaren irudiek, Mantxako bideak zeharkatzen jarraitzen duen bikote hilezkorra.

No comments: