Thursday, October 18, 2007

Gauza txikien liburua


Izenburua: Gauza txikien liburua.
Egilea:Pako Aristi.
Orrialdeak: 164.
Argitaletxea: Erein.

Aristiri behin zera irakurri nion:"...eta epel esatea literaturan hotz esatea da, munduan hainbeste irakurtzeko eta hain denbora gutxi dagoenean..." Eta zera idatzi behar nuen hasieran, ni ere epel utzi ninduela bere lanak. Irakurtzen jarraitu ahala ordea, baineran ura hozten zaiguneko epeltasun desatsegin hura, beste zerbait bilakatu egin zen, neguko arratsalde hotzetan manta batek babesten gaitueneko epeltasun.

Zera esan nahi dut, sekulako liburua (horrelakorik existitzen bada) izan gabe ere, badituela gogoetarako eta hausnarketarako bidea zabaltzen dituen pasarte asko: maitemina, maitasuna, bakardadea, gizartearen eraikuntza,... filosofatzeko aukera ematen duten hainbat gai azken batean. Eta niretzako horrek bihurtzen duela gauza txikien liburu handi.

Azalari buruzko eritzia ere aldatuz joan naiz orrialdeak pasa ahala: argazkiak Kcappo eta honako hau idatzi zuen denbora tartea isladatzen duen arren, gaztetasuna eta heldutasunaren arteko distantzia, tartean bizi izandakoen denbora erlatiboa, larregizkoa iruditu zitzaidan idazlearen lehen planoa, liburu gehiago saltzeko estrategia. Hala ere, Aristiren aurpegia emateko era izan zitekeela pentsatu nuen gero, sarri azaldu baitu horretarako joera. Kasu honetan, argazki hobea litzateke biluzik agertuko balitz, elizako organoaren aurrean, beste organoa Kcappo-k estaltzen diolarik, ez?

Seguru nago izango dela liburu hau behin baino gehiagotan Orruakoen ahotan, Lyon-eko katedralean metalezko tutu luze haietatik irteten zen soinua entzuten genuen hartan bezala.

2 comments:

Bruno said...

Gustatu jat aipu hori, Motin jauna... are gehiago, uste dot Aristik berak ere irribarreren bat egingo lukeela irakurtzerakoan.
Hori bai... zelan estaliko luke Kcappok gure organista ateoaren organoa? Imajinatzen saiatu arren, ezinezko kontortsio batzuk bakarrik etortzen zaizkit burura...

Ebilio Motín said...

Nik irudikatu nuen eran, zutunik zegoen organoaren aurrean. Horrela bai?