Thursday, October 11, 2007

Ardagai erregaitzak

Espainiako biblioteka nazionaletik inkunable batzuk lapurtu dituzte duela gutxi. Inkunableak, mapak, ... aberastu egingo da norbait. Eta Madrilen konturatu direnerako beranduegi. Denontzako eskuragarri behar luketen lan hauek kolekzio pribatuak osatzera pasako direlako ez bada, poztu egiten naute lapurketek. Apur bat.


Izan ere, inork ez du interesik merezi ez dion objekturik lapurtzen. Eta horrek pozten nau, Ptlomeoren mapek eta ez dakit noren inkunableak, oraindik babestuak eta lapurtuak izateko moduko interesa pizten dutela ikusteak. Orruan ez daukagu inkunablerik, baina "Cartas a Nuria" liburuarekin hasiera eman genion sail horri jarraiera eman beharrean gaude. Zuentzako bereziki: Infumableak.


Egilea: Abderrahmán Munif.

Izenburua: Ciudades de sal.

Argitaletxea: Belacqua.

Orrialdeak: 682.


Filme baten irudiak eta musika goraipatzea ez da seinale lar ona, osotasunaren osagarri eran egiten ez bada. Liburu honetan hitzaurrea goraipatzen badut, orduan imajina. Exaltaturiko ideologoren bati liburu erreketa jeneral bat egitea okurrituko balitzaio berriro, hau salbu legoke, ez bailuke inolaz ere surik hartuko. Ez dut porrotaren arrazoia ulertzen, egia esan. Ideia ona zen, bazegoen zeri buruz idatzi, tipoak bizitza interesgarria izan zuen, liburuaren gaiarekin nolabait loturikoa...


Petrolioaren eta estatubatuarren eraginpean klan beduino batek jasandakoak kontatzen zaizkigu bertan, era batera edo bestera idazle asko arduratu dituen gaia izanik. Hau da, ohitura, tradizio, eta aintzinako bizimoldearen akabera garapenaren atzaparretan. Horregatik diot bazegoela zer idatzi: beduinoen ohiturak, amerikarren heltzeak, bizimodu berriari ezin moldatua, iraultzatxoren bat, betiko maitasun istorioa, ... eta irabazia luke gure aprobazioa.


Arazoa hala ere, ez da zer idatzi duen, nola idatzi duen baino. Herriaren sufrimenduarekin tematu egin dela idazlea, bizimodu berri horretara moldatu ezin horretan. Ez du isladatzen jakin bizitza haiek gris bihurtu zituena, liburua bera gris bilakatu gabe. Hainbestekoa da beduinoen gogaitzea, sufrimendua, asperdura,basamortuko beroa, sumisioa, ... eta hainbeste dira honi buruz jarduten duten orrialdeak, non irakurtzea bera sufrimendu bihurtzen den.


Akzioa, beduinoen erantzuna, bilduma osatzen duten hurrengo lau liburuetakoren baten etorriko da beharbada. Niri ordea, berrehun bat orrialde falta zaizkit hau bukatzeko eta oraindik ez du tiro bakar batek orrialderik zeharkatu. Lehen aipatu bezala, hitzaurrean irakurritako ideiek eta Munifen bizitzak zinez prometitzen zuten zeozer interesgarriagoa. Besteren baten asmatuko zuen beharbada.



PD: Interneten kritikak bilatu ezkero, liburua klasiko derrigorrezko moduan deskribaturik aurkituko duzue, eta egilea bera, arabiarrarren arteko handienetariko bat. Jakina denez, zenbat buru...


No comments: