Thursday, October 18, 2007

Gauza txikien liburua


Izenburua: Gauza txikien liburua.
Egilea:Pako Aristi.
Orrialdeak: 164.
Argitaletxea: Erein.

Aristiri behin zera irakurri nion:"...eta epel esatea literaturan hotz esatea da, munduan hainbeste irakurtzeko eta hain denbora gutxi dagoenean..." Eta zera idatzi behar nuen hasieran, ni ere epel utzi ninduela bere lanak. Irakurtzen jarraitu ahala ordea, baineran ura hozten zaiguneko epeltasun desatsegin hura, beste zerbait bilakatu egin zen, neguko arratsalde hotzetan manta batek babesten gaitueneko epeltasun.

Zera esan nahi dut, sekulako liburua (horrelakorik existitzen bada) izan gabe ere, badituela gogoetarako eta hausnarketarako bidea zabaltzen dituen pasarte asko: maitemina, maitasuna, bakardadea, gizartearen eraikuntza,... filosofatzeko aukera ematen duten hainbat gai azken batean. Eta niretzako horrek bihurtzen duela gauza txikien liburu handi.

Azalari buruzko eritzia ere aldatuz joan naiz orrialdeak pasa ahala: argazkiak Kcappo eta honako hau idatzi zuen denbora tartea isladatzen duen arren, gaztetasuna eta heldutasunaren arteko distantzia, tartean bizi izandakoen denbora erlatiboa, larregizkoa iruditu zitzaidan idazlearen lehen planoa, liburu gehiago saltzeko estrategia. Hala ere, Aristiren aurpegia emateko era izan zitekeela pentsatu nuen gero, sarri azaldu baitu horretarako joera. Kasu honetan, argazki hobea litzateke biluzik agertuko balitz, elizako organoaren aurrean, beste organoa Kcappo-k estaltzen diolarik, ez?

Seguru nago izango dela liburu hau behin baino gehiagotan Orruakoen ahotan, Lyon-eko katedralean metalezko tutu luze haietatik irteten zen soinua entzuten genuen hartan bezala.

Thursday, October 11, 2007

Ardagai erregaitzak

Espainiako biblioteka nazionaletik inkunable batzuk lapurtu dituzte duela gutxi. Inkunableak, mapak, ... aberastu egingo da norbait. Eta Madrilen konturatu direnerako beranduegi. Denontzako eskuragarri behar luketen lan hauek kolekzio pribatuak osatzera pasako direlako ez bada, poztu egiten naute lapurketek. Apur bat.


Izan ere, inork ez du interesik merezi ez dion objekturik lapurtzen. Eta horrek pozten nau, Ptlomeoren mapek eta ez dakit noren inkunableak, oraindik babestuak eta lapurtuak izateko moduko interesa pizten dutela ikusteak. Orruan ez daukagu inkunablerik, baina "Cartas a Nuria" liburuarekin hasiera eman genion sail horri jarraiera eman beharrean gaude. Zuentzako bereziki: Infumableak.


Egilea: Abderrahmán Munif.

Izenburua: Ciudades de sal.

Argitaletxea: Belacqua.

Orrialdeak: 682.


Filme baten irudiak eta musika goraipatzea ez da seinale lar ona, osotasunaren osagarri eran egiten ez bada. Liburu honetan hitzaurrea goraipatzen badut, orduan imajina. Exaltaturiko ideologoren bati liburu erreketa jeneral bat egitea okurrituko balitzaio berriro, hau salbu legoke, ez bailuke inolaz ere surik hartuko. Ez dut porrotaren arrazoia ulertzen, egia esan. Ideia ona zen, bazegoen zeri buruz idatzi, tipoak bizitza interesgarria izan zuen, liburuaren gaiarekin nolabait loturikoa...


Petrolioaren eta estatubatuarren eraginpean klan beduino batek jasandakoak kontatzen zaizkigu bertan, era batera edo bestera idazle asko arduratu dituen gaia izanik. Hau da, ohitura, tradizio, eta aintzinako bizimoldearen akabera garapenaren atzaparretan. Horregatik diot bazegoela zer idatzi: beduinoen ohiturak, amerikarren heltzeak, bizimodu berriari ezin moldatua, iraultzatxoren bat, betiko maitasun istorioa, ... eta irabazia luke gure aprobazioa.


Arazoa hala ere, ez da zer idatzi duen, nola idatzi duen baino. Herriaren sufrimenduarekin tematu egin dela idazlea, bizimodu berri horretara moldatu ezin horretan. Ez du isladatzen jakin bizitza haiek gris bihurtu zituena, liburua bera gris bilakatu gabe. Hainbestekoa da beduinoen gogaitzea, sufrimendua, asperdura,basamortuko beroa, sumisioa, ... eta hainbeste dira honi buruz jarduten duten orrialdeak, non irakurtzea bera sufrimendu bihurtzen den.


Akzioa, beduinoen erantzuna, bilduma osatzen duten hurrengo lau liburuetakoren baten etorriko da beharbada. Niri ordea, berrehun bat orrialde falta zaizkit hau bukatzeko eta oraindik ez du tiro bakar batek orrialderik zeharkatu. Lehen aipatu bezala, hitzaurrean irakurritako ideiek eta Munifen bizitzak zinez prometitzen zuten zeozer interesgarriagoa. Besteren baten asmatuko zuen beharbada.



PD: Interneten kritikak bilatu ezkero, liburua klasiko derrigorrezko moduan deskribaturik aurkituko duzue, eta egilea bera, arabiarrarren arteko handienetariko bat. Jakina denez, zenbat buru...


Monday, October 01, 2007

Motorra salgai



Izenburua: Cómo nos venden la moto.

Egileak: Noam Chomsky eta Ignacio Ramonet.

Argitaletxea: Icaria.

Orrialdeak: 102.


Matrix-ko pastilla gorria hartzeko prest, irakurle? Azken finean horixe baita liburu honek proposatzen diguna: gizartea eta honen iritzia molda dezaketen komunikabideak prisma berri baten pean ikustea.

Adostasunaren fabrikatzea, grebak ekiditeko metodo zientifikoak, gizartea beldurtzeko etsaien etengabeko sortzea, ... Michael Mooren filmetan ikusiak ditugun hainbat ideia dira, begi aurrean euki arren sarri ikusten ez ditugunak.

Hamaika buelta eman ostean, aipu batek nire edozein hitzek baino hobeto definituko duela liburua uste dut:

“Se trata de si queremos vivir en una sociedad libre o bajo lo que viene a ser una forma de totalitarismo autoimpuesto, en el que el rebaño desconcertado se encuentra, además marginado, dirigido, amedrentado, sometido a la repetición inconsciente de eslóganes patrióticos, e imbuido de un temor reverencial hacia el líder que le salva de la destrucción, mientras que las masas que han alcanzado un nivel cultural superior marchan a toque de corneta repitiendo aquellos mismos eslóganes que, dentro del propio país, acaban degradados.

Parece que la única alternativa esté en servir a un estado mercenario ejecutor, con la esperanza añadida de que otros vayan a pagar el favor de que les estemos destrozando el mundo. Estas son las opciones a las que hay que hacer frente. Y la respuesta a estas cuestiones está en gran medida en manos de gente como ustedes y yo.”


Eta George Orwell-en baimenaz, Amen.

(Oharra: Argazkiak ez dauka liburuaren azalarekin zerikusirik, gaiarekin ordea, asko)