Thursday, March 02, 2006


Izenburua: Great Expectations.(Edizio laburtua).

Egilea: Charles Dickens. (Latif Dossek sinplifikatua).

Orrialdeak: 110.

Argitaletxea: Longman.

Portsmouthen (Ingalaterra) jaio zen Dickens 1812.ean. Hala ere, familia osoak Londonera jo zuen bi urte edo zituenean. Nahiko txiroak izanik, zirkunstantziek eskola uztera behartu zuten Dickens artean oso gazteazelarik. Bere ama izan zen irakurtzen irakatsi ziona eta liburuekiko zaletasuna hartu arazi ziona. Aita, zorrak zirela eta izan zen espetxeratua, eta honek bere lanean eragina izan zuen, eleberri honetan bertan nabari daitekeenez. "Great Expectations" baldintza berezi batzuetan izan zen idatzia, bere emaztearekiko banatze prozesuan zegoela.

Eleberriko protagonistak, Pip izeneko mutilak, gurasoak hilik ditu eta bere arrebak eta honen senarrak, errementaria denak, heziko dute. Bapatean bere zoria aldatu egingo da, Pip gazteari ezkutuko pertsona batek diru mordo bat utziko dionean. Orduan Londonera joan, heziketa on bat jaso eta jauntxo baten moduan bizi ahal izango da. Bere "itxaropen handiek" ordea, ez dute berak esperotako fruiturik emango, egun batez ustekabeko deskubrimendu bat egingo duenean.

Liburuaren azalean dioenez, arrisku, abentura eta hilketei buruzko eleberria dugu hau, baina norbere ezagutzari buruzkoa ere bai, Pipek bere bizitzaren oinarriak zalantzan jartzen dituen heinean. Bakoitzaren jatorria arbuiatzearen eta sustraiekiko maitasunaren arteko barru borroka biziko du Pipek. Nik dena den, ez nuke edizio laburtua inondik ere gomendatuko, eleberriko akziozko zenbait pasarte era ulertezinean irakurtzen baitira kasik. Kapitulu bakoitzean gainera, gertatuko denaren zantzuak ematen ditu izenburuan bertan, kapituluak berak duen misterioa agerian utziz.

Bukatzeko esan, 1998.ean izen bereko filmaren remakea (originala 1947.ean filmatu baitzen) zuzendu zuela Alfonso Cuarónek adaptazio moderno gisa. Bertan, Ethan Hawkek egiten zuen Pipen papera, eta Gwyneth Paltrowek, Estella ederrarena. BBC kateak ere Dickensen eleberri hau erabili zuen 1981.ean serie bat produzitzeko.

No comments: