Thursday, March 23, 2006

Egunero hasten delako


Izenburua: Egunero hasten delako.

Egilea: Ramon Saizarbitoria.

Orrialdeak: 163 (hainbat hitzaurre barne).

Argitaletxea: Erein.


1969. urtean argitaraturik, lehen euskal nobela modernoa omen da "Egunero hasten delako" hau. Honela da teknikari dagokionez behintzat, zeren eta gaia kontutan hartuta Txillardegiren "Leturiaren egunkari ezkutua" (1957) dugu aitzindari.

Nobela honetan, Gisèle Sergier-en istorioa kontatzen zaigu, zeina haurdun gelditzen den nahi izan gabe eta artean gazte unibertsitario delarik. Honela bada, abortatzea beste biderik ez zaio geldituko eta hauxe du nobelak ardatzetako bat. Bestea, eten gabe hitz jarioan ari den hitzontziak osatzen du, hainbat eta hainbat gai jorratuz bere elkarrizketa kideari erantzuteko astirik ere ematen ez diolarik. Hasieran tren geltoki baten eta zentral telefoniko baten gero kokatuta daude eleberriaren pasarte hauek, noizean behin Giséle-enarekin uztartzen direnak.

Niri pertsonalki, zeharo zinematografikoa iruditu zait eleberria. Gisèlen pasiada bakartiak adibidez, argi eta garbi bisualizatu ahal izan ditudalarik. Eskertzeko moduko beste gauzetariko bat zera iruditu zait, pertsonaiak eta kokapena frantsesak izatea euskal eleberri bat izan arren. Honek nire ustez, ezberdintasun erakargarri bat ematen dio, Bilbon kokatuta lortuko ez lukeena.

Kritika negatibo modura hauxe aurkitu dut hitzaurretariko batean, pertsonaien eta egoera narrratiboen gehiegizko eskematismoa. Erabat ados nago eta gainera, eskematismo honek askotan ulergarritasunari kalte egiten diola pentsatzen dut. Ez dugu ahaztu behar dena den egilearen lehen eleberria izan zenik.

Aipamen gisa, zera esan, aldaturik aurkituko duela eleberria aurretiaz ezagutzen zuenak, ez baitu euskara batuak alferrikako bidea egin azkeneko hogeitamar urteotan.

1 comment:

Bruno said...

Bai, Saizarbitoriaren lehenengo nobela da, eta seguru berak gaur egun bere tokian jarriko leukeela lan hau...
Hau da, euskarazko literatura modernoaren aurrekari bat dala, baina azken baten militantziagatik hizkuntza jakin baten idazten hasi den hasiberri baten lana be bai. Eta noski, ez dela Europar literatura europarraren historiara pasatuko dan nobela.

Hala ere, Saizarbitoriaren etorkizunaren zantzo batzuk agertzen desukuz... gaur egun argitaratzen diren lan ugari dagoz Ramonen hasierako maila baino beherago...

Berak bere burua idazletzat izan ez arren, onartu beharra dago idazle sena baduela.