Wednesday, January 18, 2006

Durangoko azokaren gainbeherari buruzko artikulua

Durang-O-Matic
Egoera eutsiezina da jada: urte gehiegi dira bisitarien kopurua jaisten ari dela eta ezin da gehiago erabili abenduko "zubiaren" kokapen desegokiaren aitzakia; kontsolidazioaren inguruko adierazpenek ez dute inor engainatzen jada. Durangoko Liburu eta Disko Azoka gainbeherara doa zuzen-zuzenean.

Ez dakit nork hitz egin die nire dohainaz, oso jende gutxik baitauka horren berri, baina kontua da Gerediaga Elkarteko eta Elkar megaenporioko ordezkari bana hurbildu direla nire bulegora, eta laguntza eskatu didatela. Nik, hasieran, ezetz esan diet, arriskutsua dela eta ez dudala halako gauzetarako erabiltzeko ohiturarik, baina eskaintza errefusaezin bat egin didate, eta onartzea beste erremediorik ez dut izan.

Alde egin dutenean, beraz, nire diban berezian etzan, argiak itzali, elektrodoak konektatu eta alfa fasean sartu naiz. Bidaia ez da bereziki zaila suertatu: urte gutxi egin ditut aurrera, hogeita bost besterik ez, eta ez dut neke berezirik sentitu Durangon azaltzean. Bete-betean asmatu dut aurreneko saioan: egunkari batean konfirmatu ahal izan dudan bezala, abenduaren zortzia da. Pabilioi aldera hurbildu naiz; eguraldia ona da, kasik beroa, eta zerua urdin dago. Jende gutxi dabil kaletik, baina goizegi dela pentsatu dut: denbora-jauziekin gertatu ohi den zerbait da, ezin ondo kalkulatu iritsiera-ordua. Baina erakustokia hutsik dago: ateak itxita, barruan standik ez, eta inguruetan agure bat baino ez, aulki gurpildun elektriko batean eserita. Hurbildu zait.

"Kaixo, Iban", esan dit xaharrak, "zure zain nengoen". Ez dut berehalakoan ezagutu. "Luis Fernandez naiz". Babo aurpegia jartzen jarraitu dut, antza, zera gehitzera behartuta sentitu delako: "Luistxo, motel, Luistxo Fernandez, Code & Syntax-ekoa!". Ahalik eta adeitsuen agurtu dut orduan, baina ez natzaio ea zer moduz dagoen galdetzera ausartu, badaezpada. Ea zer den nire zain egotearen kontu hura, hori izan da bota diodana. "Zer izango da ba: programaren bila etorri zara, ezta?". "Zein programa?", nik. "Durang-O-Matic-a, noski: Durangoko azokaren dekadentzia geraraziko duen asmakizuna. Duela hogei urte ezinezkoa zen halako zerbait garatzea, baina gure teknologiarekin...", eta hori esatearekin batera USB-lapitz horietako bat luzatu dit; hatzen artean ibili dut une batez. "Eta honekin Durangoko Azokaren arazoak konpondu dituzuela diozu?", eta pabilioia seinalatu dut esanguratsuki, "Ba ez dirudi oso eraginkorra izan denik".

"Ez zaitez inozoa izan", erantzun dit Luistxok, "Milaka jende metatzen zituzten euskal erromeria deseroso eta kitsch horiek erabat gaindituta daude jada, eta zure esku dago garai berria aurreratzea". Durang-O-Matic-a zertan datza galdetu diot orduan. "Durangoko Azokara noiznahi joateko aukera eskaintzen dizu, etxetik bertatik, edo Internet terminal bat daukan edozein puntutik; errealitate birtualeko kasko batzuk edukitzearekin nahikoa da". "Baina edonoiz sartzea badago, zer zentzu...?". "Tira, abenduko lehenengo egun hauetan mugimendu handiagoa dago Durang-O-Matic-en; badakizu, ohiturazale asko dago. Edonola ere, "zubiaren" amaieran egiten dena Gerediagakoen ohiko prentsaurrekoa da, urteko balantzea eskaintzeko. Eta, ziur egon, sistema erabili aurreko urteetakoa baino dezente positiboagoa izaten da".

Durang-O-Matic-aren gainontzeko abantailez mintzatu zait ondoren Luistxo. "Azokaren itxura bera aldatzea dago, esaterako: badaukagu egungo pabilioiaren erreprodukzio fidela, baina baita karparena ere, nostalgikoentzat, eta garai heroikoetako azoka zaharrarena, are nostalgikoagoentzat; orduko hotz-sentsazioa eta guzti paira dezake bezeroak, nahi izanez gero. Bisitariek nobedade guztiak erosteko aukera dute, oraingoak eta garai batekoak; hiruzpalau egun beranduago etxera helduko zaizkie postaz, erosotasun guztiekin, eta egileak berak izenpetuta. Sinaduraren unea, jakina, xehetasun guztiekin biziko ditu bezeroak, eta sinadurak eta eskaintzak, ahal den heinean, benetakoak izango dira". "Zer dela eta 'ahal den heinean'? Batzuek ez al dute firmatu nahi?". "Ez, ez: ez dago sinatzeari muzin egiten dion idazlerik; horrekin ez dago oztoporik. Arazoa zen idazlea hilik dagoen kasuetan". "Hilik?". "Bai, Durang-O-Matic-en posible da, nik zer dakit, Mirandek edo Lazarragak beraien liburuak sinatzea, besteak beste; sintetizatu ditugun irudiak perfektuak dira. Kasu horretan liburuarekin heltzen den sinadura faksimila da, noski, baina errealismo maila handikoa; eskaintzak erredaktatzeko euskal filologiako lizentziadun talde batek bildutako datu-base itzela erabiltzen dugu".

"Dena dela", egin diot arrapostu, "agian bisitariaren aldetik ez dago arazorik, erosoagoa da eta hori guztia, baina zer gertatzen da idazlearekin? Kontaktu zuzena publikoarekin, masa-bainuak, sinadura-eskaeraren emozioa... Hori guztia galtzen da, ezta, tramankulu honekin?". "Alderantziz: idazleak dira kontentuen daudenak. Ez dute zertan mugitu behar fisikoki, eta aukera dezakete noiz sartu eta baita zenbat eta zein motatako jendeak ere eskatuko dien sinadura, are garai bateko Bernardo Atxagarenak bezalako errenkada luzeak lortuz; guztiz birtualak, noski, baina nork nabarituko du diferentzia?". Luistxok gauza gehiago azaldu nahi izan dizkit dispositiboaren inguruan, baina, Errauskine baten gisa, laster alde egin behar dut etorkizunetik -alfa faseak ez du luzaro irauten-, eta, ondorioz, USB-lapitza hartu eta, kasik agurtu gabe, desagertu naiz. Eta gure garaira itzuli naiz, Durangoko Azokaren gainbehera argi eta garbi ikusten den une honetara. Baina egoera horrek ez du luzaro iraungo, lagunak: konponbidea dakart hatzen artean.


Iban Zaldua, idazlea

No comments: