Tuesday, August 22, 2006

El Bosque de Los Zorros (Arto Paasilina)


Liburu kuriosoa, zinez, oporretako momentu lasaietan apurka - apurka dastatu nuena.

Arto Paasilina finlandiarra gustura ezagutuko nituzkeen tipo horietakoa da: kazetari ohia, poeta ohia eta basozain ohia, erdi libertario, erdi ipurterre... eta hala ere, bere sorterrian milaka ale saltzen dituen idazlea.

Bere lan ezagunenek antzeko klabeen inguruan egiten dute jira, zehazki inguruko gizarte zurrunean tokirik aurkitzen ez duten pertsonalitate berezi horien inguruan: beraien askatasun beharrak, lege eta arau orori moldatzeko gaitasun edo gogo faltak... eskandinabiako paisaia ankerrean istorioen garapenerako eszenario ezin hobea aurkitzen dutelarik.

Liburu honetan ere antzeko zerbait gertatzen da, Laponiako baso hotz batean hiru pertsonai ezberdin bilduko dira txabola berera: bere konpintxeengandik ihesi dabilen Oiva Juntunen lapurra, eszedentzia hartu berri duen Remes militar alkoholikoa eta autoritateengandik ihesi dabilen Naska Moshnikoff amama koltta (Finlandian bizi diren laponiar ortodoxoak).

Beraien inguruneko arazoetatik ihesi dabiltzan pertsonak dira, eta Azerien Basoa den "No Man's Land" horretan aparteko babesa lortuko dute, hain ezberdinak diren pertsonak ia banezinak bihurtzeraino.

Paasilinaren idazkera soila eta airosoa da, umore azidodun ukitu batzuekin, eta korrekzio politiko eta moralari dagokionean ez dio bere buruari muga handiegirik jartzen. Hori bai, itzulpenaren inguruan zalantza dezente ditut, izan ere gaztelerara pasatutako testuak bere zulo edo gabeziak askotan azaltzen ditu: hizkera informalean zailtasun handiak izan ditu itzultzaileak testu orijinaleko martxa ez galtzeko. Naska Moshnikoffen esaeretan igartzen da hori gehien, eta oztopoa nola edo hala gainditzea lortzen badu ere, elkarrizketa batzuk naturaltasun eza nabrmena islatzen dute.

Dena den, eta urteko liburua izango ez dela argi dagoen arren, gozamen dosi nabarmenak eskaintzen dituen lana dela argi utzi nahiko nuke, batez ere Paasilina umore surrealista eta azidoaren mugetara hurbiltzen den pasarteetan.

Monday, August 14, 2006

Bihar hilko banintz


Bihar hilko banintz,
jai giroan pasako nuke gaua.
Bihar hilko banintz,
hildako denak mendekatuko nituzke.
Bihar hilko banintz,
munduari emango nioke buelta.


Baina gaurkoa izango balitz
hil beharreko eguna,
zurekin, gai axolagabeak jorratuz
pasako nituzke azkeneko orduak.

Itzala



ITZALA DUDAN ARTEAN EXISTITZEN NAIZ!