Monday, November 10, 2008

"PJ Harvey?", by Ur Apalategi



Argian topaturiko komentario hau asko gustatu jat... eta ezin hemen eskegitzeko tentazioari eutsi. Zer iruditzen, Ebilio??





"Katixa, aitortzen dut Patxi Lopezek P. J. Harvey entzuten zuela errebelatu duzunean –Interneten irakurrita– nahasdura une bat izan dudala. Sexy-a eta guzti iruditu zait hautagai sozialista, Juanjo. Argitxo bat piztu zait garunaren zoko batean. Eta pixka bat kosta zait argitxo hori lokalizatzea, ulertzea zergatik piztu zaidan.

Garai ez hain urrun batean denek zuten erlijio bera, medikuntza mota bakarra zegoen, elikadura ere betikoa eta bakarra zen –zegoenarekin osatua–, eta eskaintza urria izanki aisialdiak ere berdintsuak ziren denentzat –kirol mota bera, filme eta liburu mota bera–. Maitasuna ere eredu bakarrekoa zen, noski, eta aurrekodifikatua. Besteengandik –banaka nahiz talde gisa– desberdintzeko zenuen modu bakarra, hortaz, ideologia zen. Politikoki desberdina izateko aukerarik egon bazegoen izan ere, artean utopiek zutik baitzirauten. Ismoak, asko izateaz gain, irmoak ziren (anarkismoa, karlismoa, nazionalismoa, komunismoa, kapitalismoa, troskismoa, antimilitarismoa, pazifismoa, katekismoa, frankismoa…). Laburbiltzeko, ondare kultural amankomuna genuen –beno, hain zaharra ere ez naiz eta ulertzen da “gu” hau erretorikoa dela, ezta ?–, baina ondare bakar horren interpretazio kontrajarriak genituen.


Orain justu alderantzizkoa gertatzen da. Politikoki denok gara... errealistak. Beste arloetan, aldiz, oparotasunak ez dauka mugarik, ez bada irudimenarena berarena. Izpirituaren bazka, esaterako, orotarikoa da. Hainbesterainokoa ezen katolizismoa classic etiketarekin aurkezten baitzaigu ondoan ugaldu diren aldakien oihanean ez gaitezen galdu: erlijio lighta (budismoa), “kafeina gabea” –katolizismoan erritoak bakarrik kontsumitzen dituena, morala bazter utziz–, cherry erlijioa –New Age-ak ekarritakoak–, “Zero” erlijioa... Eta gainontzeko arloetan beste hainbeste gertatzen da: edonork asma dezake terapeutika berri bat bost minututan, bi aldiz gauza bera jateak sakonki deprimitzen gaitu, eta Internetek Alejandriako liburutegia –eta Borgesena bera ere– txiki utzi ditu. Azkenik, sexu jardueren katalogoari dagokionean Kamasutraren ehun posturak aitzinsolas izatera igaro dira.


Egoera honen aurrean, kontua ez da jada besteengandik desberdintzea –gure gustuek eta joerek uneoro desberdintzen baikaituzte arlo guztietan–, baizik eta besteekiko loturak aurkitzea. Eta aukera guztien sare erraldoiaren arlo batean edo bestean gure antzeko gustuak dituen norbaitekin topo egiten dugunean giza-lotura baten posibilitatearekin amets egiten hasten gara. “Azkenean aurkitu dut aldi berean Schoppenhauer eta M-ak taldearen lehen bi diskoak gustukoak dituen beste norbait”. Orduan kontaktuan jartzen gara, e-mail bat igorriz edo mezu bat utziz bere Facebook orrian, txateatzera pasatzen gara, telefonoz hitzordu bat jartzen dugu –aurretik argazkiak trukaturik zuhurrak baldin bagara, ala, emozio bortitzen adiktoak izanez gero, bestearen aurpegia ezagutu gabe–, elkartzen gara kafetegi batean, zinemara joaten gara bigarren aldian, afaltzeko geratzen gara hirugarrenean, zorte askorekin –edo benetan biok desesperatuak bagaude– larrutan egiten dugu, eta... ohartzen gara bestea bost axola zaigula eta pikutara bidaltzen dugu harremana –harreman deitu badaiteke hori–. Zeren funtsean gustatzen zaiguna ez da tipoa edo tipa, baizik eta Schoppenhauer eta M-ak.


Bada, niri ere antzeko zer edo zer gertatzen zait, Francisco Lopez. P. J. Harvey da gustatzen zaidana, ez zu.


P. D.: A, portzierto, nickname polita aukeratu duzuna. “Patxi” horrek nire herria oroitarazten dit.

Thursday, October 30, 2008

Antzararen bidea - Jokin Muñoz


Denbora bat neraman liburu mardulik esku artean hartu gabe (bai, irakurtzen hasteko esfortzutxo bat eskatzen duten horietakoak), eta Jokin Muñozen eleberri honekin apurtu nuen joera Urriaren lehen egunetan.
Aurretik Muñozen "Hausturak" eta "Bizia lo" nituen irakurriak, eta hain zuzen nabarmentzekoa da elaberri honek zelan batzen diren aurreko bi lan horiek istorio bakarrean. Bueno, edo hobeto esanda, elkarri josita doazen bi istorio paralelotan.
ETA eta Gerra Zibila euskal nobela baten oinarrian egotea ez da gauza berria, errekurrentea baino. Hala ere, Muñozen enfokeak badu halako berezitasun bat: Gerra Zibilaz hitzegiterakoan Nafarroako Erriberako jazoerak hartzen ditu ardatz gisa, eta ETAren inguruan dabilenean ez da goierritar jator bigotedunen erakunde 70's horretaz ari, gaur egungo errealitate lauso eta dramatikoaz baino: ia umeak diren militanteak, ingurune sozialaren barne - kodeez, eta batez ere inguruko gizartean (donostiarra, kasu honetan) sortarazten duen pasotismo dosi kezkagarrietaz. Nobelako pasarterik zorrotzenak horiek direla esango nuke, pilotakadak eta oihu erreibindikatiboak kukurutxozko izozki eta hondartzako pala eta kuboekin nahastuta agertzen diren une surrealistak.
Ezin da esan liburuan Muñoz bustitzen ez denik. Berak ere esana du: "lan berri bat argitaratzen dudan bakoitzean, lagun batzuk gehiago galtzen ditut". Eta egia esan, ez da gutxiagorako: Nafarra izanik, MLNV eta UPNk (edo hobeto esanda, sentsibilitate politiko horren aitzindariek) egurra ederto jasotzen dute. Izan ere, protagonistak bi garai ezberdinetan biktima izatea tokatu zaien pertsonak baitira, hildako ETAkide baten ama eta gerra garaitik "hilik" dagoen 90 urteko agurea. Liburuko orrietan zehar beraien bideak gurutzatuko dira, beraiekin gertatutakoa hobeto ulertzeko ahaleginetan.
Gustatu zait elaberria, tono eta abiadura kontuan irregular samarra izan arren. Eraberean, momentu batzutan astunxea egiten da (nafarroako pasarte "kostunbrista" batzuk errekurrenteak bihurtzeraino), eta beste batzutan sinesgarritasun falta nabaria pairatzen du hizkuntzaren arazoa dela eta (Gigi eta erriberoen esaera asko itzulpen hutsak dira!). Hain ingurune ezagun eta markatuetan kirofanoko euskera hori erabiltzea ez dakit hautu egokia ete dan.... baina zoritxarrez euskal autore gehienek sufritu beharreko drama da hau.
Halan da be, orriotan egindako lan eskergak eta momentu batzuetako zorroztasunak eta sakontasunak liburua saldo positiboan kokatzen dutela esango nuke.

Tuesday, October 21, 2008

Comunismo y marisco



Beijingo joku olinpikoen karietara
(apur bat berandu bada ere)

Friday, October 10, 2008

Diruaren hotsa

Orain apur bat mesianikoa badirudi ere, lagun batek behin zera esan zidan: "Y aquel que busque sólo el dinero será un puto infeliz para toda su vida"



Egia da baita ere, nire lagunak zera aipatzea ahaztu zuela: "Eta mundu honetan, dirua lortzeaz inoiz arduratu ez den bat, zeharo izorratuko da maiz"

Saturday, September 13, 2008

Deseos para hoy


Muchos padres desearían que sus hijos fueran ingenieros, médicos o abogados. Sin embargo, sólo unos pocos aciertan, deséandoles simplemente felicidad.

Argazkia: Charles J. Sharp

Wednesday, September 03, 2008

Arratsalde bat Arte Ederren Museoan


Asteazkenetan dohainik sar daiteke bat Bilboko Arte Ederren Museoan. Nire moduan arteaz ezer gutxi dakienak, ezer gutxi jakiten jarraituko du handik urtendakoan. Izan ere, bisualki interesgarri denak bakarrik erakartzen gaitu ezjakinok, edo kontzeptualki ulerterrazak diren lanek. Gainera, azalpenik ematen ez bada...Hala ere, kolore, tamainu, kontraste eta horrelakoak bereizteko gai gara behintzat, eta horrek zeozer transmititzen badigu, primeran.

Kontziente naiz era berean, arteaz gozatzeko norberak ere jarri behar duela zeozer, esfortzu apur bat. Eta ez naiz ni “esto es una mierda”ka hasiko dena, baten bati entzun nion eran. Baietz gizon, nahikoa duzu behin esatearekin, ez duzu zertan lan denen aurrean errepikatu behar... gainera dohainik sartu zara, ez? Eta bueno, museo guztian gustoko ezer ez aurkitzea ere...

Horretarako, askoz gehiago dibertitu ninduen beste gizon bati entzun nionak, nahiz eta betiko topikoetariko bat izan:

“Sín título”... y es que qué le va poner... éste no sabía ni lo que quería hacer.


Esan gabe doa, irudia nik egindakoa dela, eta errealitatearekin inolako antzik eukitzekotan kasualitatearen errua dela (nahiz eta gogoz saiatu naizen ikusitakoa kopiatzen). Honek ere, ez du izenbururik, ezta merezi ere.

Tuesday, August 26, 2008

Indigenous Language Dying



Euskeraren desagerpena lar arduratzen zidan arazo bat ez izan arren (hau da, ez nituela gaubelak horretan pentsatzen ematen), pena hartu nuen aurrekoan honako bideo hau ikustean. Ez dakit, Bilboko jaietako ajeaz nengoelako edo, baina uste baino gehiago eragin zidan. Ixcatec hizkuntzaren desagerpenari buruz hitzegiten da, zortzi pertsonak baino ez dute erabiltzen, eta elkarrizketa antzeko batzuk egiten zaizkie. Noski, ikusle euskaldunari burura datorkion pentsamendua logikoa da: zelakoak izango ote dira euskera hitzegingo duten azkeneko zortzi pertsonak? Eta noiz gertatuko ote da hau?

Hasiera baten, batek pentsa lezake, izango direla: arrantzalea, artzaina, nekazaria,.... Baina arazoa ez da euskerarena bakarrik, ondare kultural globalarena baizik. Beraz posible da aipaturiko ogibideak Euskal Herrian ordurako ez existitzea, eta horrela, azkeneko 8 euskaldunak (heroien komikia ematen du) izan litezke:

1- Euskaltelen “Bezeroaren Arloan” telefonoari erantzuten diona.

2- Eroskiko publizitateaz arduradutzen dena (baloiak ta toallak!)

3- Gaztea-ko (lehen euskadi gaztea (?)) esataria.

4- Zuk zeuk jarraitu.

Aldaketak inoiz baino azkarrago ari dira gertatzen, eta honek muga bakarra du: gizakiaren neurria. Puntu bat helduko baita non gizakia ez den izango aldaketa hoiek guztiak asimilatzeko gai. Momentuz, bada, eta lasai egon, ze Ixcateca desagertuko den arren, liburutegi baten erregistraturik egongo da, lo egin ezin dugun gauren baten, Ixcatec-eraz insomnio hitzik existitzen ote zen jakiteko.