Tuesday, March 25, 2008

Corazón tan blanco - Javier Marías



Gora behera ezberdinak medio, eta Ebiliok ahazturatik erreskataturiko iruzkin zaharra (ah! hareek bai garaiak! kontatuko deutsut neska Kantabriar harena...) salbuespen modura, lau hilabeteko lehorte literarioa igaro dot.

Egia esan, siketea apurtzeko ur gozoagoak, bigunagoak, aukera nitzakeen... baina badirudi "kaña" literario beharra nuela, mugimendu handitako uretan aurkitu izan naz eta "Corazón tan Blanco" honekin.

Banuen gogoa Javier Mariasen zerbait irakurtzeko. Duela gutxi "Tu rostro mañana" trilogiaren bukaeraren harira egindako elkarrizketek idazle honen inguruan zertxobait ikertzeko gogoa biztu zidaten. Gorte Ingeleseko sakelekoen apaletan aurkitu nuen bila nenbilen aurkezpen txartela: "Corazón tan blanco" opera prima, antza atzerrian (Alemania, Irlanda..) sekulako arrakasta izandakoa 90. hamarkadan.

Egia esan ez da erraza nobelaren nondik norakoak lau lerrotan zehaztea. Itzultzaile profesional batek bere ezkonberritako beldur eta mamuen ingurukoak kontatzen dizkigu, bere familiako iragan ilunenari lotuta doazen kezkak... kontua da ezkonberritako tragediaren bat edo beste bizi izan zuela bere aitak, eta semea ezkontzerakoan ordura arte erdi sekretuan mantendutako trapu zahar guzti horien presentziaz ohartu eta aztoratua sentitzen dela, bere ezkontzaren gaineko zalantzak izateraino...

Liburua erreferentzia pertsonal (argumentuaren ildo batzuk bere familian aurkitu ditu), literario (Shakespeare da nabariena) eta kultural desberdinez josia dago, osotasun koerente bat osatuz. Hala ere, narrazioaren erritmoa nahiko aldakorra dala nabarmendu beharra dago: lehen 100 orriak nahiko geldo doaz aurrera, baina Custardoyren inguruko zalantzek eta NYko lanaldiaren pasarteek liburuaren pultsua izugarri bizkortzen dute, amaierara abiada bizian eroaten zaituen tobogan baten sartzearen antzeko zerbait.

Estiloari dagokionez, ez da Mariasena nire idazmolderik gogokoena. Estilo landu eta aberatsa du, nabari da hizkuntza goitik behera maneiatzen duela, baina askotan konplexuegia, kiribilduegia iruditzen zait bere idazkera. Atzera eta aurrera dabil askotan, hizkuntzaren baliabideen bitartez gertaera soil bati petrolioa atereaz, eta horren balio literarioa ukaezina den arren, mugimendu kulunkaridun estilo honek zorabiatu, gogaitu egiten nau azkenean.

Laburtuz, lan txukun eta interesgarri baten aurrean gaude, teterazko literaturaren zaleek (ez mailu - literaturaren lagunek) hobeto baloratuko dutena. Pertsonalki ez hotz ez bero utzi nau, batez ere bere background, sentsibilitate eta hizkeratik urrutitxo sentitzen naizelako.

Sunday, March 16, 2008

Tombouctou, 333 Santuen hiria


Izenburua:Tombuctú (Jatorrizkoa:Timbuktu)

Egilea: Paul Auster

Editoriala: Anagrama

Orrialdeak: 171

Egia esan, eskerrak eman beharko lizkiguke Anagrama editorialak egiten ari gatzaizkien propaganda dela eta. Baina onartu beharra dugu orain arte irakurritakoek ez gaituztela inondik ere dezepzionatu. Eta Austerrren Timbuktu, horren adibide dugu.

Bertan, Mr Bones-en istorioa kontatzen da, Willy “Christmas” Gurevitch jabe duen txakurra. Willy idazle eskale askea da (Orruakoen ideala!), drogekin apurtxo bat pasa ostean, Satan Klaus ikusi zuena telebistan berari mezu mesianiko bat emanez. Hortik aurrera, munduan zehar gabonetako izpiritua barreiatzea izango du helburu bakar. Osasuna izorraturik, Baltimorera abiatuko dira Willyren txikitako andereño baten bila, Mr. Bones zain dezan eta Willyren urteetako obraz ardura dadin.

Txakurraren eta jabearen arteko erlazioa lantzen da liburu honetan, Mr. Bonesen ikuspuntutik baina. Eta aurrerantzean zail egingo zaio irakurleari txakurrei berdin begiratzea, kanofobo deklaratua ez bada behintzat. Irakurketa arretatsuagoa eginda ordea, ikutu desberdinak aurki ditzakegu liburuan: EEBBtako arestiko historia, askatasun pertsonala, pertsona arrunten arazo egunerokoak... Umoreari dagokionez, aipamen berezia merezi dute nire ustez, O´Dell ile-gogortzailearen pasarteak eta Willyk asmatutako txakurrentzako usain labirintuak.

Irakurtzeko liburu erraza dugu hau, laburra eta arina. Bukaeran zeozerren falta sentsazioa utz dezakeena. Halan da be, nahiago dut sentsazio hau alderantzizkoa baino, liburua bukatutzat eman daitekeenean soberako lerroak izatea. Umore zuzenaz idatzia izan arren, Houellebecq baino leunagoa da hau. Beraz, zaudete lasai zuen umeak perbertitzeko beldurrez zabiltzaten amatxoak (zuen umeak aspaldi baitaude bizitzako katramilen jakitun). Hori bai, liburua irakurritako askori txakur bat bereganatzeko gogo biziak sartuko zaizkio. Izan ere, zeinek ez luke nahiko Hezurtto Jn. moduko bat bere ondoan?

Pena bat dena, Willyk hausnarketa monologoetan darabiltzan hitz joko denak, esaldien malabarismoak, itzulezinak izatea da, itzultzailearen oharrez beteak egon beharko bailukete pasarte askok. Beraz, ingeles maila sekulakoa duzuenok, badakizue...

GORA WILLY CHRISTMAS ESKALEA!

Bat, in memoriam ©

Saturday, February 02, 2008

Historia universal de Paniceiros


Xuan Bello

Espainiar estatuko hizkuntza „periferikoak“ hiru direla saldu izan deuskue beti, gutxituak (bueno, edo ez hain gutxituak) izanik ere nolabaiteko indar soziala duten Katalana, Euskera eta Galegoa. Baina zezen narruaren zimurretan apur bat aztaka ibili ezkero, agertuko jakuz erromantze baztertu batzuk, hizkuntza mapetan be agertzen ez direnak, jadanik hiztun urri batzuen ahots nekatu eta zaharretan bakarrik aurki daitezkeenak. Aragoiera, Aranera, Montañesa eta... zelan ez, bable edo Asturiera izango lirateke hizkuntza horiek.

Asturieraz idatzi zuen lan orijinala Xuan Bellok, bere ama hizkuntzan. Tituloa ez da nobela bat iradokitzen dabenetarikoa, eta horrela da izan ere: ohiko jeneroek ez dabe lan honen etiketa izateko balio. Esan daiteke historia herrikoia jorratzen duen liburu baten aurrean gagozala, izan be Paniceiros bere jaioterria ardatz bezala hartuta Bellok unibertsalak diren gaiak lantzen dituelako herri – ikuskera batetik abiatuta.

Liburuaren zentzua ulertzeko lehen pasartean Bellok azaltzen duen umetako gertaera ulertu behar da. Oso luzea ez danez, lerrootara ekarriko dot: antza, Xuan gaztetxoak Paniceiros inguruko zelai baten hilzorian zegoen txakur kaskar bat ikusi eban, eta etxera abiatu zan korrika otsoa ikusi zuela esanez. Etxeko gizonek, hainbeste kalte eragindako animalia hurbil zegoela ikustean eskopetak hartu, eta umeak gidaturik piztiaren bila abiatu ziran. Zelai haretara heltzerakoan, zelako harridura lehengo txakurra hilik topatu zutenean, bizkarrean zauri ikaragarriak zituela, otsoaren hozkadak besterik ezin zitezkeenak izan… Xuanek berak asmatutako guzurraren eraginez!

Adibide honekin Bellok guzurraren balioa goraipatzen du, herri kultura zaharrean guzurrak edo fantasiak egiak baino balio erreal handiagoa baitzuen. „Ilargia hildakoen ispilua edo katu baltzak bertatik edan ohi duen esne platerra dela ikasi gendunok bizitza zoriontsuagoa euki dugu astronomo edota gainerako zientzialariek baino“... Ahor, lan honen errotzat hartu geinkean jarrera pertsonala.

Esan bezala, ez dau egitura estandarrik jarraitzen liburuak. Kapitulu bakoitzean Bellok benetako gertaerak, umetako oritzapen lausoak, aitite – amamen ahotik entzundako kontuak, harira datozen ipuin ezagunen bertsioak edota poesiak plazaratzen deuskuz, nahiko neurtua dan nahas - mahasean. Paniceirosek sinbolizatzen duen mundu zaharra da gogoeta desberdinetarako atea, eta gogoeta horreetan sakontzeko tresna jaioterriaren inguruan biltzen diren kontu eta gainontzeko pasadizo horiek.

Hizkuntza gutxituek bizi duten paradoxaz, gerra zibilaz, gazteen iniziazioaz, kultura herrikoiaren balioaz, oroimenaz… idazten dau Bellok lan honetan. Atxagaren Obabakoak-egaz antzekotasun puntu kontsideragarri bat duela esan daiteke, baina Bernardoren Obaba metaliteraturaren bitartez mundu osora barreiaturik ikusten bagenuen, Belloren Paniceiros higiezin, munduaren ardatz bezala mantentzen dan metafora bat da. Paniceirosetik,Tineoko kontzejuko beste herrietatik edo gehien jota Asturiasetik urten gabe mantentzen da autorea, eta bertoko jazoera eta pentsakeretan aurkitzen ditu klabe unibertsalak.

Badago momenturen bat liburuak indarra edo interesa galtzen duena, baina orokorrean gozamenerako pasarte ugari biltzen ditu Bellok: hartzaren ehizaren ipuina (liburuan idatzitakoaren arabera berari gertatu zitzaiona, baina otsoarekin gertatutakoa ikusita batek daki egia ote dan), bere birraititaren inguruko kontuak, sentsibilitate bereziz idatzitako poema laburrak, ihauterietakoa bezalako umetako pasarteak, mundu zahar horretako pertsonai ugariren aurkezpenak (Ros epotxa, karlista zaharra, Capote mozkorra…)... kutxa zahar baten bilatzen ibiltzearen antzerakoa da liburu honen irakurketa, ziur hauts artean garai bateko bitxiekin topo egiteko aukera izango dozuela.

Hortaz, ez eukin zalantzarik esku artera liburu hau heltzen bajatzue. Murgildu Paniceiroseko Historia Unibertsalean, fikziozko historia honek benetakoak baino indartsuago astinduko baiteutsuez barrenak...

Posted bai Bruno

Saturday, January 05, 2008

Lanzarote


Egilea: Michel Houellebecq

Izenburua: Lanzarote

Editoriala: Anagrama

Orrialdeak: 94

Eleberri labur honetan, gabonzahar gaua urtero bezain aspergarria izango delako ziurtasuna du protagonistak, eta asperdura hori gainditzeko, lurralde urrunetara ihes egitea okurritzen zaio. Diru eskasiak eta lurralde musulmanei dien gorrotoak Lanzarotera bidaliko dute Houellebecq bera besterik izan ezin daiteken pertsonaia nagusia.

Bertan, Bruselasen polizia den Rudirekin osatuko du harremana, tipo lotsatia dena eta bizitzarekin nahikoa desesperaturik dagoena. Eta nola ez, titi marduldun alemaniar parea izango ditu bidailagun, opor Houellebecquiar batzuk ezinbesteko duten gatz eta piper direna.

Irlaren deskribapen geologikoak argazki eder batzuk ditu osagarri Anagramako edizio honetan. Eta hazpegi geologikotik aparte, alde sozialaren erradiografia ere egiten du, hippyei eta techno erdi-modernoei dien maitasuna erakutsiz. Honetaz gainera, genetika, pedofilia, turismo sexuala eta talde sektarioei egiten die aipamen Houellebecqek, nire ustez “Plataforma” liburuaren zunda izan nahi izan zuen liburu honetan.

Kontutan hartzekoa da lagun duen Fernando Arrabali egiten dion keinua. Eta frantsesetik ingelesera pasatzeko gaitasunak atentzioa ematen badu ere (“You look a nice girl. May I lick your pussy?”), askoz ere atentzio handiagoa ematen du edizio ingelesaren portadak. Besterik gabe, goza ezazue Houellebecqen maisulanen aperitibo den honekin.

Informazio gehigarria:

http://www.houellebecq.info/espanol.php3

Wednesday, January 02, 2008

Sentir la campana del present



Heldu da 2008a, eta oraindik martxan genituen neurona apurrak Gabon zaharretako alkoholaz erahil genituenez, Josep M. Espinás idazlearen artikulu batez emango diogu ongietorria urte berriari.

FELIÇ ANY NOU!!!

Arazoak dituztenentzat, hiztegia.

Friday, November 23, 2007

Los 70 a destajo: Ajoblanco y libertad (Pepe Ribas)




Jadanik pasatu dira hilabete batzuk liburu hau bukatu nuela, eta bada garaia iruzkina egiteko, irakurritakoa ahaztu baino lehenago. Onartu behar dot ez nazela horrelako autobiografia – saiakera lanetan aditua, ezta gutxiago ere. Baina 70. hamarkadako oroitzapen eta detailez beteriko “totxo” honek nire espektatiba guztiak luze ase zituen esku artean iraun zizkidan 15 – 20 egunetan.

Sinopsi labur bat egitearren, liburuan Pepe Ribas aktibista (nolabait deitzearren) Bartzelonarraren memoria aurkituko dugu, 70. hamarkadan bizitako saltsa sozio – poltiko – artistikoan igeri egiten, eta batez ere Ajoblanco aldizkariaren lehen bizitza etapan zentratuta. Pepe Ribas aldizkariaren sortzaile eta bultzatzailea izan zen, eta urte horietako bere jarduna frente askotan egon zen bananduta: literatura eta musika interesak, aktibismo soziala, gorabehera politikoak garai latzetan (Frankismoaren azken urteak eta transizio hasiera ondo islatuta agertzen dira orriotan), eta azken baten guzti hori bere baitan bilduko zuen Ajoblanco aldizkariaren sorrera eta koordinazioa.

Orriotatik ehundaka pertsonaia ageri dira, garai haretako Bartzelonaren erretratu bizia osatzen dutenak: fakultateko ikasle eta irakasleak, artistak, Rambletako pertsonajeak, kataluniar burgesia (askotan gertatu ohi den bezala, Ribasen jatorrizko mundua), era guztietako politikariak... etorkizunean dena posible izan zitekeela uste zen garai bateko taupadak sentitzen dira liburua irakurtzean, zelan kudeatu zituzten talde eta alderdi desberdinek esku artean zituzten aukerak, eta azken baten gaur egun bizi dugun egoeraren arrazoi batzuk zeintzuk diren.

Horretaz gain, norbere proiektu pertsonala ekin nahi duen ororentzako ere oso gomendagarria da Los 70 a destajo. Garai haretako egunerokoak gorde izanari esker, Ribasen zalantza, sinismen, beldurrak, usteak, konfidentziak... lehen eskutik jasoko ditugu, utopia eta errealitatea apurtxo bat hurreratu zituen proiektu baten nondik – norakoen bitartez.

Azken finean, lehen eskuko konfidentza guzti horiek liburuaren muina dira, lana oso gomendagarria bihurtzen duen “balio erantsia”.

Thursday, October 18, 2007

Gauza txikien liburua


Izenburua: Gauza txikien liburua.
Egilea:Pako Aristi.
Orrialdeak: 164.
Argitaletxea: Erein.

Aristiri behin zera irakurri nion:"...eta epel esatea literaturan hotz esatea da, munduan hainbeste irakurtzeko eta hain denbora gutxi dagoenean..." Eta zera idatzi behar nuen hasieran, ni ere epel utzi ninduela bere lanak. Irakurtzen jarraitu ahala ordea, baineran ura hozten zaiguneko epeltasun desatsegin hura, beste zerbait bilakatu egin zen, neguko arratsalde hotzetan manta batek babesten gaitueneko epeltasun.

Zera esan nahi dut, sekulako liburua (horrelakorik existitzen bada) izan gabe ere, badituela gogoetarako eta hausnarketarako bidea zabaltzen dituen pasarte asko: maitemina, maitasuna, bakardadea, gizartearen eraikuntza,... filosofatzeko aukera ematen duten hainbat gai azken batean. Eta niretzako horrek bihurtzen duela gauza txikien liburu handi.

Azalari buruzko eritzia ere aldatuz joan naiz orrialdeak pasa ahala: argazkiak Kcappo eta honako hau idatzi zuen denbora tartea isladatzen duen arren, gaztetasuna eta heldutasunaren arteko distantzia, tartean bizi izandakoen denbora erlatiboa, larregizkoa iruditu zitzaidan idazlearen lehen planoa, liburu gehiago saltzeko estrategia. Hala ere, Aristiren aurpegia emateko era izan zitekeela pentsatu nuen gero, sarri azaldu baitu horretarako joera. Kasu honetan, argazki hobea litzateke biluzik agertuko balitz, elizako organoaren aurrean, beste organoa Kcappo-k estaltzen diolarik, ez?

Seguru nago izango dela liburu hau behin baino gehiagotan Orruakoen ahotan, Lyon-eko katedralean metalezko tutu luze haietatik irteten zen soinua entzuten genuen hartan bezala.

Thursday, October 11, 2007

Ardagai erregaitzak

Espainiako biblioteka nazionaletik inkunable batzuk lapurtu dituzte duela gutxi. Inkunableak, mapak, ... aberastu egingo da norbait. Eta Madrilen konturatu direnerako beranduegi. Denontzako eskuragarri behar luketen lan hauek kolekzio pribatuak osatzera pasako direlako ez bada, poztu egiten naute lapurketek. Apur bat.


Izan ere, inork ez du interesik merezi ez dion objekturik lapurtzen. Eta horrek pozten nau, Ptlomeoren mapek eta ez dakit noren inkunableak, oraindik babestuak eta lapurtuak izateko moduko interesa pizten dutela ikusteak. Orruan ez daukagu inkunablerik, baina "Cartas a Nuria" liburuarekin hasiera eman genion sail horri jarraiera eman beharrean gaude. Zuentzako bereziki: Infumableak.


Egilea: Abderrahmán Munif.

Izenburua: Ciudades de sal.

Argitaletxea: Belacqua.

Orrialdeak: 682.


Filme baten irudiak eta musika goraipatzea ez da seinale lar ona, osotasunaren osagarri eran egiten ez bada. Liburu honetan hitzaurrea goraipatzen badut, orduan imajina. Exaltaturiko ideologoren bati liburu erreketa jeneral bat egitea okurrituko balitzaio berriro, hau salbu legoke, ez bailuke inolaz ere surik hartuko. Ez dut porrotaren arrazoia ulertzen, egia esan. Ideia ona zen, bazegoen zeri buruz idatzi, tipoak bizitza interesgarria izan zuen, liburuaren gaiarekin nolabait loturikoa...


Petrolioaren eta estatubatuarren eraginpean klan beduino batek jasandakoak kontatzen zaizkigu bertan, era batera edo bestera idazle asko arduratu dituen gaia izanik. Hau da, ohitura, tradizio, eta aintzinako bizimoldearen akabera garapenaren atzaparretan. Horregatik diot bazegoela zer idatzi: beduinoen ohiturak, amerikarren heltzeak, bizimodu berriari ezin moldatua, iraultzatxoren bat, betiko maitasun istorioa, ... eta irabazia luke gure aprobazioa.


Arazoa hala ere, ez da zer idatzi duen, nola idatzi duen baino. Herriaren sufrimenduarekin tematu egin dela idazlea, bizimodu berri horretara moldatu ezin horretan. Ez du isladatzen jakin bizitza haiek gris bihurtu zituena, liburua bera gris bilakatu gabe. Hainbestekoa da beduinoen gogaitzea, sufrimendua, asperdura,basamortuko beroa, sumisioa, ... eta hainbeste dira honi buruz jarduten duten orrialdeak, non irakurtzea bera sufrimendu bihurtzen den.


Akzioa, beduinoen erantzuna, bilduma osatzen duten hurrengo lau liburuetakoren baten etorriko da beharbada. Niri ordea, berrehun bat orrialde falta zaizkit hau bukatzeko eta oraindik ez du tiro bakar batek orrialderik zeharkatu. Lehen aipatu bezala, hitzaurrean irakurritako ideiek eta Munifen bizitzak zinez prometitzen zuten zeozer interesgarriagoa. Besteren baten asmatuko zuen beharbada.



PD: Interneten kritikak bilatu ezkero, liburua klasiko derrigorrezko moduan deskribaturik aurkituko duzue, eta egilea bera, arabiarrarren arteko handienetariko bat. Jakina denez, zenbat buru...


Monday, October 01, 2007

Motorra salgai



Izenburua: Cómo nos venden la moto.

Egileak: Noam Chomsky eta Ignacio Ramonet.

Argitaletxea: Icaria.

Orrialdeak: 102.


Matrix-ko pastilla gorria hartzeko prest, irakurle? Azken finean horixe baita liburu honek proposatzen diguna: gizartea eta honen iritzia molda dezaketen komunikabideak prisma berri baten pean ikustea.

Adostasunaren fabrikatzea, grebak ekiditeko metodo zientifikoak, gizartea beldurtzeko etsaien etengabeko sortzea, ... Michael Mooren filmetan ikusiak ditugun hainbat ideia dira, begi aurrean euki arren sarri ikusten ez ditugunak.

Hamaika buelta eman ostean, aipu batek nire edozein hitzek baino hobeto definituko duela liburua uste dut:

“Se trata de si queremos vivir en una sociedad libre o bajo lo que viene a ser una forma de totalitarismo autoimpuesto, en el que el rebaño desconcertado se encuentra, además marginado, dirigido, amedrentado, sometido a la repetición inconsciente de eslóganes patrióticos, e imbuido de un temor reverencial hacia el líder que le salva de la destrucción, mientras que las masas que han alcanzado un nivel cultural superior marchan a toque de corneta repitiendo aquellos mismos eslóganes que, dentro del propio país, acaban degradados.

Parece que la única alternativa esté en servir a un estado mercenario ejecutor, con la esperanza añadida de que otros vayan a pagar el favor de que les estemos destrozando el mundo. Estas son las opciones a las que hay que hacer frente. Y la respuesta a estas cuestiones está en gran medida en manos de gente como ustedes y yo.”


Eta George Orwell-en baimenaz, Amen.

(Oharra: Argazkiak ez dauka liburuaren azalarekin zerikusirik, gaiarekin ordea, asko)


Thursday, September 27, 2007

Zoria-zori (By M. Laboa)


Diotenez, dado bat botatzerakoan honen gain eragiten duten indar guzti-guztiak zehaztu ahalko balira, posible izango litzateke aurretiaz ezagutzea zein den irten beharreko zenbakia. Arrazoizkoa, ez?


Era berean, matematika formula izugarriak erabiliz, eta denbora epe askoz izugarriagoa inbertituta, ezagutu (eta kasuaren arabera aurresan) litezke: Big-bana, bizia sortu zeneko zopa primitiboan zeuden molekulen joera, eta zergatik ez, zelula jakin batzuek izango duten erreakzioa kinada berezi batzuen aurrean.


Gauzak horrela, eta aipatutakoa gure neuronei aplikatuta posible al da gure jokaera predeterminaturik egotea? Izatez, kinada nerbiosoa kargaturiko partikula batzuen araberako korronte elektrikoa besterik ez da. Aurresan ahalko litzateke A indibiduoa Orrua blogean sartuko dela post bat idazteko asmoz 2007.eko irailaren 28an arratsaldeko 17:11tan? Eta non gelditzen da planteamendu guzti hauetan hautamen askea?


Zaude lasai irakurle hori, zorionez, ez dago mundu honetan kalkulu guzti hoiek burutuko dituen ordenagailurik eta efektu praktikoetan, berdina da gure geroa determinaturik ez egotea edo guk determinazio hori ez ezagutzea. Beraz, jarrai ezazu erabakiak aske hartzen, edo... aske zarelako uste (erdi ustela) mantentzen.


(PD: Fisiko, matematiko zein hiru hagineko bidenteak behar ditugu Orruaren geroa aurresateko. Bidali zuen argazki, neurri eta CVa orrua.blogspot.com-era.)
"The Last Throw" irudia Charles Robert Leslierena da eta NYCko "The Metropolitan museum of Art"-en topa dezakezu.

Monday, September 24, 2007

Euskararen Doluminak - Luis Haranburu Altuna


Lehenego eta behin: mea culpa. Badira hilabete pare bat liburu hau bukatu nuela eta aipua idazteko unea atzeratuz ibili naiz une oro. Hain utzirik izan dut Orrua, Ebilio Motinek nire aipu zaharrak erreskatatu behar izan dituela bere navegalia posta - kontu preistorikotik.

Goazen harira: liburu honek ez du aparteko oihartzunik izan. Liburu hau oso gutxi salduko zen ziurrenik. Eta hala ere, euskararen inguruko problematikaren ulermenerako tresna ezinbestekoa bihurtu da gaur egun.

Hasteko, niretzat liburua hain baliotsua egiten duen datua: Haranburu Altuna abertzaletasunaren prismatik kanpo kokatzen da, eta euskararen errealitatearen inguruko gogoetan enfoke hori aurrez - aurre hartzen du. Horrela, gutariko askori dexente nekatzen gaituzten topikazo guztietatik aparte kokatzen du bere burua, bakarti, hizkuntzaren gaineko bere kezkak azaldu eta aztertzeko asmoz.

Postura ausart horretatik, beste edozerren gainetik, autokritika saio latza egiten du idazleak. Autokritika euskaldun moduan, euskararen gaineko topiko eta mito asko bere lekuan jarriz, eta hizkuntza abertzaletasunarekin estu - estu lotuta doanean sortzen diren egoera paradoxiko asko salatuz. Azken batean, euskaldun askok azken urteotan buruan darabilgun ideia orokor hori, alegia, badirudiela dena abertzaletasunaren "pack"ean sartuta ematen digutela euskaldunoi. Duela 30 urteko ikuspegi totalista erromantiko hori, globalizazioaren, micro - auzoen eta ziber - etnien garaian.

Zalantzarik gabe: etorkizunean nondik egin behar dugun aurrera aztertzeko dago oraindik. Atxagaren euskal - auzoa ideia bat izan daiteke. Egingo dugu aurrera, handik edo hemendik, azken mendeetan egin den bezalaxe. Baina bada garaia iraganeko konpleju, zama eta zaborreria ideolojiko guztia arintzen hasteko. Ez du beste inork egingo gure ordez, eta gure hizkuntza formoletan kontserbaturiko errelikia moduan geratzea nahi ez badugu, aurrerapausoak eman behar dira nahi ta nahiez. Nire gomendioa: irakurri liburu hau, edozein abertzalerentzat ere iritzi propioa aberasteko tresna baliagarria da.

Wednesday, September 19, 2007



Basamortu izugarri hau zeharkatu behar dudalarik kontsolatu egiten nau area aurretiaz zapaldurik dagoela ikusteak. Elkanok eta bere gizonek aspaldi eman zion munduari bira itsasuntziz. Eta Herzog-ek idatzi zuenez, bizitzan beti dago Annapurna bat, honek mendi formarik izan ez arren.

Izatez, gizateri osoak egin du bide hau bera guk baino lehen. Gu ume ginen artean, gazte hasi ziren idazten idazle zenbait, bizitzari buruzko gogoetak pilatzen. Ezagutzen ez zituzten irakurle batzuentzako mapak marrazten. Orain, gu baino metro batzuk aurrerago doaz bizitzaren bidean, hurrengo bihurgune dugun horren ostean zer dagoen jakitun, ezagutzen ez ditugun anai nagusi. Azken finean, denentzako bide berdin-berdina izan ez arren, denok ditugu kezka bera edo antzekoak, “unibertsal” definitu daitezkeenak.

Zahartzen ikusiko ditugu, eta gu zahar garen artean, hiltzen. Edo horrela behar luke. Bizitza ordea, zoritxarrez edo zorionez, ez da lineala. Mila adarreko zuhaitz okerra baizik. Eta zeinek jakin zu baino hogei urte zaharragoa den idazle hori zuhaitz puntara heldu baino lehen, zure adar fina ez ote den apurtuko, oraindik enborretik urrundu ere egin ez zarelarik.

“Norberaren kontabilitatea hiru mila urtez eramaten ez dakien hori, ezjakitun lez gelditzen da ilunpean, eta egunean bakarrik bizi da.” Goethe

Biluzturiko tximinoa


Jatorrizko izenburua: The naked ape.
Egilea: Desmond Morris
Editoriala: Círculo de lectores


   Liburu honetan, Desmond Morris zoologo ingelesak tximino eraldatu moduan aurkezten digu gizakia. Aurrerakuntza teknologiko eta itxurakeri sozialen atzean ezkutatzen den arren, tximino biluzia besterik ez dena, instintoak kontrolatzeko gai izan gabe.

   Harritzea eta aztoratzea zituen helburu nagusi Morrisek liburu hau idatzi zuenean, berak aitortu zuenez. Seguru nago helburua zinez bete zuela gizonak. Izan ere, orain gizakia animali eraldatu lez kontsideratzea nahiko arrunta den arren, ez dut uste idatzi zuen garaian gauzak horren onargarriak zirenik. Kontutan hartu, gaur egun ere gizakiaren eboluzioaren ideia ez dagoela munduko txoko denetan onartua (debekatua askotan), lekuko erlijio korronte nagusiaren aurka baitoa.

   Eztabaida handiko gaiak jorratzen ditu Morrisek, kontserbadore zein liberalenak aztoratuz. Hau da, egile askok ekiditea nahiago zituzten gaiei egiten zien aurre, batez ere sexu arloan: homosexualitatea, adar kontuak, garapen sexuala,... Asko gustatu zaizkit kontu estatistikoak, egia oso ez diren uste dudan arren. Izan ere, sinesgarria al da 50. hamarkadan estatubatuarren %8ak animaliekin harreman sexualak euki izana aitortzea? Hori egin, egiten da baina aitortu ez, joder!!!

   Baliteke, darabiltzan terminotariko asko bazterturik egotea, azaltzen dituen esperimentu zein ideia batzuen eran. Hala ere, interesgarri dira eta gizakiaren historia ebolutiboan zein etologian sakondu nahi duen edozeinentzat abiapuntu on bat. Ikuspuntu kritiko bat erabiliz, hausnarketa interesgarrietara eramango gaituen liburua. Aspaldiko edizio bat da nik irakurri dudan hau, dena den ez dut aldaketa handirik aurkitu edizio berriagoetan.

   Liburuaren puntu goren moduan, egiten dituen esperimentu interesgarriak eta lantzen diren gaien eztabaidagarritasuna azpimarratuko nituzke.
 Enkulakabras©

Wednesday, September 12, 2007

Urregilearen Orduak




Urregilearen Orduak

Pako Aristi

1998 Erein.



Gazte gaztetatik argitaratzen hasi zan Pako Aristi, eta nabaria da sormen inkontinentzi horrek askotan mesederik ez diola egin. Bere emaria ugaria eta irregularra da, ekarpen interesgarrien artean ahazteko moduko pasarteak ere aurkitzen ditugularik.
Nahiz eta azken urteotan bere emaria askosaz neurrikoagoa eta zehatzagoa izan den, badirudi publikoak autore hau Kcapporen imajineria pseudopornografikoarekin edota “16 paisa eta paralitiko bat” ipuinarekin lotzen duela, bere heldu aroko obra aipagarrienei bizkarra emateraino.

Duda barik azken hauen artean sartu beharko genuke Urregilearen Orduak, niri hein handi batean Atxagaren “Soinujolearen Semea”-ren planteamendua gogorarazi didana: Pakok liburu honetan ordurarteko lanetan mamitu dituen hainbat gairi beste buelta bat emon eta “nobelatzar” forman aurkezten dizkigu.

Hasieratik argi geratzen da ez dela nobela irakurterraza. Ezta sikua ere, baina beronen funtzionamendua ulertzera iristea larregitxo izan daiteke irakurle alferrenentzat. Izan be, zati eta plano desberdin ugari dituen nobela hau ardatz sinple batetik abiatzen da benetako nobela “korala” bihurtu arte. Berez, Fermin eta Luisak elkar ezagutzen duten egun baten 24 orduak dira elaberriaren oinarria. Irinbeltzagan dagoen taberna herrikoi baten jabea da Fermin, eta itsasadarraren bestaldeko Hendrixtown hiriko Pub baten arduraduna Luisa. Bi protagonistek eguna eta gaua konpartituko dituzte, bakoitzari dagokion denbora eta espazioan: egunak Irinbeltzagan bizirik dirauten mundu zaharrarekiko erroak erakutsiko deuskuz, Hendrixtown-go gauak mundu modernoaren ezaugarri eta paradoxak plazaratuko dituen bitartean.

Guzti hori posible izan dadin, nobela pertsonai ugariz hornituta ageri zaigu, batez ere herriari dagokionean: Leon Marty apaiz xelebrea, Istillaga anaiak, beronen ama Isidora, Bixkitturri agurea, Nemesio Irusta… pertsonai guzti hauek antzinako mundu horren (bai, gure aitite – amamek ezagutu ebenaren) azpegi ezberdinak erakusten deuskuez: denboraren ulermena, naturarekiko hartuemonak, lana, auzo – bizitza… Guzti hori, hein handi batean, Kuku Arri tabernan Ferminek biziko dituen tertulia eta eztabaida ugarietan mamituko da.

Bestalde, Luisak eta Ferminek gauera egingo dute salto nobelaren bigarren zatian, mundu zaharra gaur egungo gizarteagatik aldatuz. Puntu honetan pertsonaiak murriztu eta berauetan sakontasun gehiagoz haztatuko dau Aristik: bikote nagusiaz gain Yolo eta Dylanek osatutako bikote homoseksuala eta Itxaso eta Asier institutuko bikotearen harremana agertuko zaizikugu modu retrospektiboan. Beraz, bigarren zati honek gaur egungo giza – harremanen gaiari heltzen dio bete – betean, aurrekoan jorratutakoa guztiz alboratu barik ordea (interesgarriak benetan Kandido Mierrek bertsolaritzaren inguruan emondako azalpenak).

Duda barik, Aristiren gainontzeko elaberriak baino pertsonalagoa da Urregilearen Orduak. Aristi heldua Fermin tabernariaren azalean islatuta dakusagu, (nik behintzat liburua irakurtzerakoan Aristi bera irudikatzen nuen barra atzean edota Luisarekin filosofatzen) baina Asier mutil gazteak Pakoren iraganetik ere edaten du. Beronekin Azpeitiko institutuko mutil ha irudikatzea erraza da, bi nesken arteko amodioak erdibituta: bata, erromantikoa, gutun eta poesiek bazkatutakoa; eta bestea lizuna, hormonen indarrak bideratutako harreman fisikoa.

Estilo aldetik Aristik ahalegin handia egiten dau, bai testuaren egituraketa aldetik, idazketa taxutzerako orduan edota hizkeraren erabileran. Erregistro arras ezberdinak tartekatzen ditu, gazte gipuzkoarren berbakera “guay”-etik hasita (“hi tio, ez haiz batere enroskatzen peñarekin!”) baserritar zaharren hizkera aberatseraino. Egia esan, batzutan zenbait exhibizio estilistiko soberan leudekeen sentsazioa ere ematen du, baina nolanahi nobela beraren izaera konplexuak (ez kapritxo soilak) bultzatzen du hortara Aristi.

Obra honekin “baraja apurtu” gura izan zuen Pakok, ur handitan sartu modernitatea, denboraren iragaitea, giza harremanak, euskal herriaren egoera (ez dira gitxi institutuko greben inguruko asanbladak)... guztia elaberri bakar batean bilduz.
Egia esan, liburua hori erdiesteko bidean geratu zan: ona, duda barik, baina “oso ona “ bihurtzeko zeozer falta zitzaiola. Agian ur handiegitan sartu izana leporatu behar zaio autoreari, margoztu nahi zuen koadro bikaina zirriborro bukatugabe ugarirekin utzi izana. Zer eskatu ostera? Konkrezio handiagoa? Sinpletasun gehiago? Batek daki... posible da buruan zeukan guztia idazteko modurik orekatuena izatea “Urregilearen Orduak”.

Dana dala, nire ustez, liburu honen izaera irekia, inperfektoa, bukatugabea… elementu positibotzat ere hartu daiteke. Irakurlea idazleak uzten dituen zirrikituak betetzera derrigortuta dago, elaberriaren irakurketari bere iritzi eta sentipenak gehituz. Zentzu honetan, irakurle orok bere errealitatearekiko heldulekuren bat aurkituko dau obra honetan: nerabeak, bizitzako errespontsabilitateetan murgiltzen ari den gazteak, heldu aroan sartzen ari den “ez – hain - gazteak”… guztiek atarako diote zeozer positiboa “urregilearen orduak” nobela gomendagarri honi.

98ko Durangoko azokan sinatutako alea duen zerbitzari hau baieztapen horren lekuko izan daiteke.

Y Ole! (Posted by Bruno)

Wednesday, August 29, 2007

Kontsumoari kaña!! (425 k.a.)


Urrunera begiratzen dut, nire lurretara. Bakeaz maitemindurik, hiriak izutzen nau eta herrimina sentitzen dut. Herriak ez baitit sekula horrelakorik esan: "ikatza, ozpina edota olioa eros ezazu", "erosi" hitza ez baitzuen ezagutzen, denetarik ematen baitzidan, "erosi" betiko leloarekin ibili beharrean.


Diceopolis pertsonaiaren hitzak, Aristofanes-en "Akarnatarrak" lanean.

Irudian, Aristofanes bera.

Canis lupus


Antes veía las orejas al lobo.


Ahora veo al lobo.

Wednesday, August 15, 2007

300.000 Km/s


Izenburua: La velocidad de la luz.
Egilea: Javier Cercas.
Argitaletxea: Tusquets.
Orrialdeak: 305.

Zinemaraturiko “Soldados de Salamina” liburuaren egilea dugu Javier Cercas. Illinois zein Gironako unibertsitateetan irakasle aritu da eta “El Pais” egunkarian irakurgai izan dira berak sorturiko zutabeak.

Badu nobela honek Salaminakoarekin zerikusirik, adibidez, gerra eta honen ondorioak izango dira gai guztien arteko batzuk. Eta protagonista protoidazle edo literatura irakasle den gaztea da.

Liburu honetan idazle izan nahi duen gazte bat EEBBtara abiatuko da irakasle laguntzaile postu bat betetzera. Bertan, Rodney Falk ezagutuko du, misterio kutsu batez inguraturiko Vietnamgo beteranoa eta Hemingway zalea. Rodneyren zakarkeri, isolamendu eta berezitasunak gainditu eta gero, lagun egingo dira biak. Eta irakurgai duzun hau, adiskidetasun horri buruzko eleberria da, baita gaizkia eta errua ere lantzen dituena, Vietnamgo gerra hura eta geroko zenbait gertakari oinarritzat hartuta.

Egiturari dagokionez, liburuaren dentsitatea nabarmendu beharra dago. Eskerrak edizio honen letraren handiari, izan ere, ugariak dira puntu ta aparterik gabeko pasarteak eta lerro askotako esaldiak. Ez dut honekin esan nahi aspergarria denik, baizik eta batzutan nekagarria izan daitekeela irakurketa. Honi, liburuak lau kapitulu bakarrik izatea gehitu behar zaio. Dena den, azken honek liburuaren “ezin uztea” dakar batzutan, ez baitago kapitulua amaitu ta geroko atsedenik.

Azpimarratzekoa da Rodney Falk pertsonaiaren indarra, bera bihurtzen baita hein baten pertsonaia nagusi. Irakurleak honi buruz duen pertzepzioa bilakatu egingo da kapituluetan zehar, liburuaren estiloa bera bilakatuko den eran, alaitasunetik seriotasunera pasatuz, pertsonak heldutzen doazen heinean.

Beste puntu batzuk aipatzearren, Vietnamgo deskribapen urriak nabarmenduko nituzke, non nik uste, idazlea jende gehienak pelikuletatik duen informazio bisualaz baliatzen den, guzti hori ekiditeko. Kontutan hartzekoa ere, eleberriari darion errealismoa, irakurlea guztiaren egiazkotasuna zalantzan jartzera bultzatuko duena. Honetaz baliatuta bere aurreko eleberri baten propaganda eginen du.

On egin,

Tuesday, July 03, 2007

Sua falta zaigu - Katixa Agirre

Bada hilabete inguru Katixa Agirreren ipuin bilduma bukatu nuela, eta jakina da zelangoa dan langabearen bizimodua: egunena zehar dozenakao arrazoi agertzen dira egin beharreko horri adarretatik ez heltzeko.

Azkenik, nire burua serioski derrigortu dot pantalla aurrean jezarri eta teklei eragiteko.

Zer esan neska arabar honen lehen lanaz? Ba orohar gizakien arteko harremanaz hitzegiten duela, baina konkretuki gaztaroaren prisma erabiliz horretarako. Gaztaroa modu nahiko zabalean ulertuta, lehen zigarroa probatu guran dabilen nerabetik hasita "hogeitaka" urte eukita mundu helduaren barrunbeetan galduta dabilzen gazteak aurkitzen baitira.

Esan liteke ipuinek halako continuum bat osatzen dutela, nerabe biren bizipenetatik hasita gizon heldu konformistaren perspektibarekin bukatzen baitu autoreak azken ipuinean. Eta egia esan, niri azken aldeko ipuinak izan dira gehien guztatu zaizkidanak. Nagusiak egiten ari garelako izango da agian, gizon burusoil potoloa neska nerabea baino hurbilago senitzten hasi garelako edo....

Lehen hiru ipuinak iruditu zaizkit flojoenak, eta amaierakoak ostera indartsuenak eta hobetoen idatzitakoak. Estiloa, zer esanik ez, nahiko soila da hizkerari dagokionez, baina landua elementuen erabileran eta umorezko egoeren planteamenduan.

Finean, lan interesgarria da Sua falta zaigu. Soberan dago esatea ez garela Kixote batetaz ari, baina idazleak badaki bere argumenuak modu egokian erabiltzen irakurlea gehiagoren beharraz uzteko. Nabari da Gidoigintza eta Publizitatearen alorrean dela aditua Agirre andereñoa...

Saturday, June 09, 2007

Zoririk ez


Izenburua: Sin Destino. (Sorstalanság)
Egilea: Imre Kertész.
Argitaletxea: Acantilado.
Orrialdeak: 264.

2002. urtean nobel saria jaso zuen Imre Kertész-ek, bere obran "historiaren arbitrarietate basatiaren aurkako indibiduoaren esperientzia hauskorra” adierazteagatik (!!).
Sinopsiak XX. mendeko maisulantzat jotzen du liburua bera. Ez nuke nik horrenbeste esango, nire bagaje literarioa ez baita hori epaitzerainokoa. Ziurtatu dezakedana da aspaldiko partez liburu honek “engantxatu” egin nauela.

Liburuan hamabost urteko gazte hungariar baten istorioa kontatzen zaigu, bigarren mundu gerran kontzentrazio gune batean preso egongo dena judua izateagatik. Denok ikutuko gaitu liburuak seguru asko, jakinda egilea bera, leku haietan bertan preso egon zela denbora luzez. Deskribapen zehatzek (eta aurretik ikusita dauzkagun irudiek) bertan bageunde lez ikusaraziko dizkigute eszenarioak.
Kertész-ek larregizko sentimentalismoa egozten dio Spielbergi “Schindlerren zerrenda” egitean, eta liburu honetan kontrakoa nabaritzen da. Hau da, sentimentalismoari ihes egin nahian ia narradore urrun bihurtzen dela protagonista (esan zitzakeen denak kontutan hartuta noski).

Puntu negatibo moduan, pertsonaia nagusiaren inozotasuna nabarmenduko nuke. Zerikusia edukiko du ere ikusitako dokumentalek eta irakurritakoek nire ikuspuntua lar alboratua edukitzea, baina ez dut oso normala ikusten hamabost urte eukinda, gerra egoeran, pertsonaiak ez duela batere gogoetarik egiten (judua izatearen arazoaz ez bada). Nik zazpi edo zortzi urte jarriko nizkioke, besterik ez. Mutila amaordearekin zein aitarekin ia oroitu gabe Alemaniara lanera doa, bagoi baten lau egunez irten gabe egongo da, urik edan gabe edukiko dituzte eta oraindik ez du ezerren susmoa hartuko, presoz jantzita egon arte. Arraroa egin zait ere, denbora luzez preso egon arren, gutxitan (inoiz ez bada) aipatuko dituela familiakoak zein hasierako neska laguna.

Hala ere, irakurleak badu kontzentrazio guneen eta tximinien berri, eta horrek, ekidiezina den patu horrek, larritasun antzeko sentsazioa sortzen du, protagonistaren “itsutasuna” kontutan hartuta. Urtzi Urrutikoetxea liburuaren euskerazko bertsioko itzultzaileak esan zuenez, “Mutikoari zaplaztekoa emateko gogoa ematen du batzuetan... Alemanak jende langile eta zintzotzat ditu, eta langile eta zintzo izanez gero bera ere norbait izatera iritsiko dela uste dut beti”

Dena den, liburua ez da autobiografikoa, horren ikutuak izan arren. Hau da, ez da Kertész pertsonaiarekin aldioro alderatu behar.

Egileari elkarrizketak eta nobel saria:

http://www.elpais.es/suplementos/domingo/20010311/entrevista.html

http://www.mpmr.org/cultura/kertesz.htm

http://nobelprize.org/literature/laureates/2002/

Saturday, June 02, 2007

Las cosas que pasan a espectadores como Ud.



Izenburua: True tales of American life.

Editorea: Paul Auster.

Argitaletxea: Faber and Faber.

Orrialdeak: 480.

1999.ean, astero NPR irratian istorioren bat kontatzeko proposamena egin zioten Paul Austerri. Honen emazteak ordea, senarra lanez lepo ikusita, ideia hobea izan zuen. Zergatik ez herritarrei eman euren istorio pertsonala argitaratzeko aukera?

Liburu hau, irratian irakurri ziren istorio haien guztien antologia da, Austerrek 4000 gutunetik gorako multzotik aukeraturikoa. Amodioa, heriotza, umorea... bezalako kategoriatan banatuta 179 istorio “benetako” irakur ditzakegu, eguneroko pertsona normalek, galtzaileek, herritar xumeek kontatuta.

Liburua egiterako orduan Austerri gehien interesatzen zitzaizkion istorioak, munduari buruzko gure itxaropenei desafio egiten zietenak ziren, gure bizitzetan eragina duten indar misteriotsuei buruzko anekdotak. Istorio denak egiazkoak diren? Auskalo. Egia den bakarra zera da, istorio orok errealitatea duela oinarri, eta liburu honetako askok “zerbait” sentiaraziko digutela.

Enjoy your meal!