Wednesday, March 29, 2006

Zer da filosofia?


Imajina ezazue etxeko sofan etzanda zaudetela, lasai-lasai, lan ordu nekagarrien osteko patxadan. Telebista piztuta daukazuen arren, ez diozue kasu handiegirik egiten. Konpainia apur bat izatearren besterik ez baitaukazue piztuta, denbora-pasan.

Bat-batean, inolako abisurik gabe, amatatu egiten da telebista. Itzali egiten dira argiak. Eta zuek, izututa edo kezkatuta behintzat bai, balkoira irteten zarete zer gertatu den jakitearren. Auzo guztian egin ote du argindarrak huts?

Ez diozue galderari erantzunik aurkitzen. Horren ordez zuen etxe aurrean, airean flotatzen ari den espaziuntzi borobil bat baizik. Argi koloretsuek inguratzen dute, bueltaka ari da. Baina zentroan duen foku indartsu batez zuen portalean bertan dagoen estralurtar bat argitzen du.

Segituan, goiko ateko tinbrea entzuten duzue. Beldurrez baino gehiago, jakin-minez, atera joan eta ireki beste erremediorik ez daukazue, ateak ez baitauka behazulorik.

Zer galdetuko zeniokete estralurtarrari?:

-Nor zara?... nondik zatoz?... nolakoa da zure mundua?... zoriontsuak al zarete zure planeta horretan?

Orain, inor ez dadila larritu arren – esan zuen irakasleak - gizaki guztiz berezi eta misteriotsu bat aurkeztu nahi dizuet. Misteriotsua eta zeharo ezezaguna. Berari zuzendu ahal izango dizkiozue pentsaturiko galdera denak.

Eta irakasleak, guztion harridurarako, gutunazal zahar batzuk banatu zizkigun, zeintzuk barnean ispilu txiki batzuk zekartzaten. Eta horrela, aurretiaz prestaturiko galdera guzti haiek, ispiluetan isladatzen ziren izaki berezi, misteriotsu eta ezezagun haiei galdetu genizkien.

-Pablo Navarro-

Thursday, March 23, 2006

Egunero hasten delako


Izenburua: Egunero hasten delako.

Egilea: Ramon Saizarbitoria.

Orrialdeak: 163 (hainbat hitzaurre barne).

Argitaletxea: Erein.


1969. urtean argitaraturik, lehen euskal nobela modernoa omen da "Egunero hasten delako" hau. Honela da teknikari dagokionez behintzat, zeren eta gaia kontutan hartuta Txillardegiren "Leturiaren egunkari ezkutua" (1957) dugu aitzindari.

Nobela honetan, Gisèle Sergier-en istorioa kontatzen zaigu, zeina haurdun gelditzen den nahi izan gabe eta artean gazte unibertsitario delarik. Honela bada, abortatzea beste biderik ez zaio geldituko eta hauxe du nobelak ardatzetako bat. Bestea, eten gabe hitz jarioan ari den hitzontziak osatzen du, hainbat eta hainbat gai jorratuz bere elkarrizketa kideari erantzuteko astirik ere ematen ez diolarik. Hasieran tren geltoki baten eta zentral telefoniko baten gero kokatuta daude eleberriaren pasarte hauek, noizean behin Giséle-enarekin uztartzen direnak.

Niri pertsonalki, zeharo zinematografikoa iruditu zait eleberria. Gisèlen pasiada bakartiak adibidez, argi eta garbi bisualizatu ahal izan ditudalarik. Eskertzeko moduko beste gauzetariko bat zera iruditu zait, pertsonaiak eta kokapena frantsesak izatea euskal eleberri bat izan arren. Honek nire ustez, ezberdintasun erakargarri bat ematen dio, Bilbon kokatuta lortuko ez lukeena.

Kritika negatibo modura hauxe aurkitu dut hitzaurretariko batean, pertsonaien eta egoera narrratiboen gehiegizko eskematismoa. Erabat ados nago eta gainera, eskematismo honek askotan ulergarritasunari kalte egiten diola pentsatzen dut. Ez dugu ahaztu behar dena den egilearen lehen eleberria izan zenik.

Aipamen gisa, zera esan, aldaturik aurkituko duela eleberria aurretiaz ezagutzen zuenak, ez baitu euskara batuak alferrikako bidea egin azkeneko hogeitamar urteotan.

Platonen azkeneko hitzak



"Dudarik gabe jainkoei gehien zor diedan gizona naiz. Izan ere, greziar jaio nendin ahalbidetu zuten barbaro jaio ordez, Periklesen mendean jaio nintzen beste edozein garaitan baino, Sokrates eduki nuen maisu eta ez beste edozein, eta ikasle asko izanik ere, Aristoteles izan nuen haietariko bat"

Wednesday, March 15, 2006

Lekuak


Izenburua: Lekuak.

Egilea: Bernardo Atxaga.

Argitaletxea: Pamiela.

Orrialdeak: 246.

Hainbat lekuri buruzko kontakizun ezberdinez osaturik dago liburu hau. Atzekaldean azaltzen den eran hala ere, ez dira leku denak geografikoak. Obaba, Euskal Hiria, Maroko, Kanariar irlak eta abarrekoetatik egingo du irakurleak salto gogoeta sakon, ipuin eta bidai kroniken uztarketa den liburu honetan.
Gogoetak oso gustoko izan ditut, euskal gatazkaren arazoari buruzkoak batez ere, hausnarketarako bidea zabaldu didatelako idatzi onek ohi duten eran. Dirudienez, kontakizun denek oinarri biografiko bat dute, nire ustez garai berdintsuetan Euskal Herrian jaio izandako irakurle asko identifikaraziko dituena. Besterik gabe, lagun arteko solasaldiak sustatzeko biziki gomandatzen dudan liburua da hau.

©

Thursday, March 02, 2006


Izenburua: Great Expectations.(Edizio laburtua).

Egilea: Charles Dickens. (Latif Dossek sinplifikatua).

Orrialdeak: 110.

Argitaletxea: Longman.

Portsmouthen (Ingalaterra) jaio zen Dickens 1812.ean. Hala ere, familia osoak Londonera jo zuen bi urte edo zituenean. Nahiko txiroak izanik, zirkunstantziek eskola uztera behartu zuten Dickens artean oso gazteazelarik. Bere ama izan zen irakurtzen irakatsi ziona eta liburuekiko zaletasuna hartu arazi ziona. Aita, zorrak zirela eta izan zen espetxeratua, eta honek bere lanean eragina izan zuen, eleberri honetan bertan nabari daitekeenez. "Great Expectations" baldintza berezi batzuetan izan zen idatzia, bere emaztearekiko banatze prozesuan zegoela.

Eleberriko protagonistak, Pip izeneko mutilak, gurasoak hilik ditu eta bere arrebak eta honen senarrak, errementaria denak, heziko dute. Bapatean bere zoria aldatu egingo da, Pip gazteari ezkutuko pertsona batek diru mordo bat utziko dionean. Orduan Londonera joan, heziketa on bat jaso eta jauntxo baten moduan bizi ahal izango da. Bere "itxaropen handiek" ordea, ez dute berak esperotako fruiturik emango, egun batez ustekabeko deskubrimendu bat egingo duenean.

Liburuaren azalean dioenez, arrisku, abentura eta hilketei buruzko eleberria dugu hau, baina norbere ezagutzari buruzkoa ere bai, Pipek bere bizitzaren oinarriak zalantzan jartzen dituen heinean. Bakoitzaren jatorria arbuiatzearen eta sustraiekiko maitasunaren arteko barru borroka biziko du Pipek. Nik dena den, ez nuke edizio laburtua inondik ere gomendatuko, eleberriko akziozko zenbait pasarte era ulertezinean irakurtzen baitira kasik. Kapitulu bakoitzean gainera, gertatuko denaren zantzuak ematen ditu izenburuan bertan, kapituluak berak duen misterioa agerian utziz.

Bukatzeko esan, 1998.ean izen bereko filmaren remakea (originala 1947.ean filmatu baitzen) zuzendu zuela Alfonso Cuarónek adaptazio moderno gisa. Bertan, Ethan Hawkek egiten zuen Pipen papera, eta Gwyneth Paltrowek, Estella ederrarena. BBC kateak ere Dickensen eleberri hau erabili zuen 1981.ean serie bat produzitzeko.

Tuesday, February 28, 2006


Izena: Estúpidos hombres blancos. (Stupid white men)

Egilea: Michael Moore.

Orrialdeak: 288

Argitaletxea: Ediciones B.



Liburuaren bukaeran zehatz-mehatz aipatzen duen bibliografiari jarraituz, Amerikako Estatu Batuen analisia egiten du idazle eta zinemagile estatubatuarrak. Bertan, Bushek irabazitako lehendabiziko hauteskundeen gorabeherakoak, Demokraten epelkeria, eta estatuak enpresen aurrean duen ahultasuna azaltzen dizkigu autoreak ezaugarri duen umoreaz.

Liburuak berez ez du egunkaririk noizbait irakurri duenarentzako ezer berririk azaltzen. Baina hori bai, kapitalismo zein politikeoaren magoen trukuen nondik norakoak esplikatzen ditu, datu zein dataz. Institutuko irakurleei zuzenduko nieke bereziki, edo gaia sakonki baina aspertu gabe landu nahi dutenei.

Irakurleak inpotentzia sentipena izan dezake hainbesterako diren trikimailu ustelak ikusita. Dena den, ez agobiatzeko gomendatuko nioke, idazleak berak (berea duen eragin ahalmenaz) telesail baten, liburu biren eta hiru pelikulen ostean ere ez baitzuen Bushek hauteskundeak gal zitzan lortu. Beraz, aldaketak astiro eta denboraz etorriko direla onartzea besterik ez dago.

Bukatzeko, zera esan, Venezuelan erositako edizio pirata bat zela nik irakurritakoa, orrialderen bat faltan zuena, eta atal batzutan akats ortografikoz beterik zegoena. Gorantziak SGAEkoentzat.©

Tuesday, January 24, 2006

Nacho Vegas-i elkarrizketa

Nacho Vegas musikari asturiar bat da. Manta Ray taldean ibilitakoa, baita beste proiektu batzuetan be, baina azken urteetan bere bakarkako ibilbidera ahalegin guztiak bideratu dituena. Berba gitxitan azaltzearren, Bob Dylan gazteenaren bertsio espainiarra dala esan daiteke ("salvando las distancias").
Nik ez daukat bere diskorik - rock malenkoniatsu, gordin eta poetikorako gero ta joera gitxiago dot- , baina interneten irakurri dodan elkarrizketa mamitsu bat oso interesgarria iruditu jat. Artea eta sorkuntzaren inguruko gogoeta sakonak azaltzen dira, baita morbo - egarria asetzeko balio daben drogen inguruko komentario batzuk - Vegas jaunak zaldi gainean egiten dau trostan antza. Flipeute geratu nok...-

http://www.limbostarr.com/entrevista_jrv.html

Wednesday, January 18, 2006

Durangoko azokaren gainbeherari buruzko artikulua

Durang-O-Matic
Egoera eutsiezina da jada: urte gehiegi dira bisitarien kopurua jaisten ari dela eta ezin da gehiago erabili abenduko "zubiaren" kokapen desegokiaren aitzakia; kontsolidazioaren inguruko adierazpenek ez dute inor engainatzen jada. Durangoko Liburu eta Disko Azoka gainbeherara doa zuzen-zuzenean.

Ez dakit nork hitz egin die nire dohainaz, oso jende gutxik baitauka horren berri, baina kontua da Gerediaga Elkarteko eta Elkar megaenporioko ordezkari bana hurbildu direla nire bulegora, eta laguntza eskatu didatela. Nik, hasieran, ezetz esan diet, arriskutsua dela eta ez dudala halako gauzetarako erabiltzeko ohiturarik, baina eskaintza errefusaezin bat egin didate, eta onartzea beste erremediorik ez dut izan.

Alde egin dutenean, beraz, nire diban berezian etzan, argiak itzali, elektrodoak konektatu eta alfa fasean sartu naiz. Bidaia ez da bereziki zaila suertatu: urte gutxi egin ditut aurrera, hogeita bost besterik ez, eta ez dut neke berezirik sentitu Durangon azaltzean. Bete-betean asmatu dut aurreneko saioan: egunkari batean konfirmatu ahal izan dudan bezala, abenduaren zortzia da. Pabilioi aldera hurbildu naiz; eguraldia ona da, kasik beroa, eta zerua urdin dago. Jende gutxi dabil kaletik, baina goizegi dela pentsatu dut: denbora-jauziekin gertatu ohi den zerbait da, ezin ondo kalkulatu iritsiera-ordua. Baina erakustokia hutsik dago: ateak itxita, barruan standik ez, eta inguruetan agure bat baino ez, aulki gurpildun elektriko batean eserita. Hurbildu zait.

"Kaixo, Iban", esan dit xaharrak, "zure zain nengoen". Ez dut berehalakoan ezagutu. "Luis Fernandez naiz". Babo aurpegia jartzen jarraitu dut, antza, zera gehitzera behartuta sentitu delako: "Luistxo, motel, Luistxo Fernandez, Code & Syntax-ekoa!". Ahalik eta adeitsuen agurtu dut orduan, baina ez natzaio ea zer moduz dagoen galdetzera ausartu, badaezpada. Ea zer den nire zain egotearen kontu hura, hori izan da bota diodana. "Zer izango da ba: programaren bila etorri zara, ezta?". "Zein programa?", nik. "Durang-O-Matic-a, noski: Durangoko azokaren dekadentzia geraraziko duen asmakizuna. Duela hogei urte ezinezkoa zen halako zerbait garatzea, baina gure teknologiarekin...", eta hori esatearekin batera USB-lapitz horietako bat luzatu dit; hatzen artean ibili dut une batez. "Eta honekin Durangoko Azokaren arazoak konpondu dituzuela diozu?", eta pabilioia seinalatu dut esanguratsuki, "Ba ez dirudi oso eraginkorra izan denik".

"Ez zaitez inozoa izan", erantzun dit Luistxok, "Milaka jende metatzen zituzten euskal erromeria deseroso eta kitsch horiek erabat gaindituta daude jada, eta zure esku dago garai berria aurreratzea". Durang-O-Matic-a zertan datza galdetu diot orduan. "Durangoko Azokara noiznahi joateko aukera eskaintzen dizu, etxetik bertatik, edo Internet terminal bat daukan edozein puntutik; errealitate birtualeko kasko batzuk edukitzearekin nahikoa da". "Baina edonoiz sartzea badago, zer zentzu...?". "Tira, abenduko lehenengo egun hauetan mugimendu handiagoa dago Durang-O-Matic-en; badakizu, ohiturazale asko dago. Edonola ere, "zubiaren" amaieran egiten dena Gerediagakoen ohiko prentsaurrekoa da, urteko balantzea eskaintzeko. Eta, ziur egon, sistema erabili aurreko urteetakoa baino dezente positiboagoa izaten da".

Durang-O-Matic-aren gainontzeko abantailez mintzatu zait ondoren Luistxo. "Azokaren itxura bera aldatzea dago, esaterako: badaukagu egungo pabilioiaren erreprodukzio fidela, baina baita karparena ere, nostalgikoentzat, eta garai heroikoetako azoka zaharrarena, are nostalgikoagoentzat; orduko hotz-sentsazioa eta guzti paira dezake bezeroak, nahi izanez gero. Bisitariek nobedade guztiak erosteko aukera dute, oraingoak eta garai batekoak; hiruzpalau egun beranduago etxera helduko zaizkie postaz, erosotasun guztiekin, eta egileak berak izenpetuta. Sinaduraren unea, jakina, xehetasun guztiekin biziko ditu bezeroak, eta sinadurak eta eskaintzak, ahal den heinean, benetakoak izango dira". "Zer dela eta 'ahal den heinean'? Batzuek ez al dute firmatu nahi?". "Ez, ez: ez dago sinatzeari muzin egiten dion idazlerik; horrekin ez dago oztoporik. Arazoa zen idazlea hilik dagoen kasuetan". "Hilik?". "Bai, Durang-O-Matic-en posible da, nik zer dakit, Mirandek edo Lazarragak beraien liburuak sinatzea, besteak beste; sintetizatu ditugun irudiak perfektuak dira. Kasu horretan liburuarekin heltzen den sinadura faksimila da, noski, baina errealismo maila handikoa; eskaintzak erredaktatzeko euskal filologiako lizentziadun talde batek bildutako datu-base itzela erabiltzen dugu".

"Dena dela", egin diot arrapostu, "agian bisitariaren aldetik ez dago arazorik, erosoagoa da eta hori guztia, baina zer gertatzen da idazlearekin? Kontaktu zuzena publikoarekin, masa-bainuak, sinadura-eskaeraren emozioa... Hori guztia galtzen da, ezta, tramankulu honekin?". "Alderantziz: idazleak dira kontentuen daudenak. Ez dute zertan mugitu behar fisikoki, eta aukera dezakete noiz sartu eta baita zenbat eta zein motatako jendeak ere eskatuko dien sinadura, are garai bateko Bernardo Atxagarenak bezalako errenkada luzeak lortuz; guztiz birtualak, noski, baina nork nabarituko du diferentzia?". Luistxok gauza gehiago azaldu nahi izan dizkit dispositiboaren inguruan, baina, Errauskine baten gisa, laster alde egin behar dut etorkizunetik -alfa faseak ez du luzaro irauten-, eta, ondorioz, USB-lapitza hartu eta, kasik agurtu gabe, desagertu naiz. Eta gure garaira itzuli naiz, Durangoko Azokaren gainbehera argi eta garbi ikusten den une honetara. Baina egoera horrek ez du luzaro iraungo, lagunak: konponbidea dakart hatzen artean.


Iban Zaldua, idazlea

Tuesday, January 17, 2006

Faszismo posmodernoa

Atharratze, aurreko egunetan George Orwell plazan jarri berri duten kamaren inguruko post-a jarri zendun.
Gaur, DJ/Rupture musikoaren blogean denborapasa nenbilela honako dokumentu hau aurkitu dot:
http://www.espaienblanc.net/informe_2004.pdf

Justu Forum-aren inguruan konpartitu genduzan hilabete hareetakoa da txostena, eta gaur egun BCN bihurtzen ari dan "munstroa" nahiko zorrotz narrutzen dau. Egia esan, askotan zorrotzegi eta akademikoegi ez ote dabilen pentsarazten deutsu idatziak...

Baina bueno, ondo dago guk be askotan hausnartu izan dogun horren inguruan apur bat sakontzeko. Gogoratzen dok heure teoria? Apurka -a purka dirudun jendeak uriburuak itzi eta herrietarantz tiretuko dauela urietako bizitza gero ta jasangaitzagoa bihurtuko dalako?

Ia zelan ikusten dozun....

Monday, January 16, 2006

Houellebecq Irlandako kostaldean (Michel Djerzinski bere bizitzako azken urteetan bezala)egoala uste genduan. Bere amorante italiarrarekin batera, irla britaniarreko lasaitasunean patxada ederrean bizitzen, egunak koito eta whiskitan blaituta, literaturatik erdi aldenduta. Baina usteak erdia ustel.

Literatura frantziarreko enfant terriblea Almeriako kostaldean genduan, Cabo de Gata inguruan etxe bat erosi ta bere hurrengo nobelarako materiala prestatzen. Mercedes bat erosi eta inguruetako putetxeak ezagutzen ibili izan da, baita udatiar ipar-europarrez osaturiko zirkulo liberal – orjiastikoetan sartuta. Bidenabar, gizarte espainiarrak azken 30 urteetan jasandako aldaketa soziolojiko latza aztertu dau: “bajo palio” ibiltzen zan gizartean jadanik hedonismoa guztiz zabalduta dagoala ikusteak jakinmin handia sortarazten ei deutso...

Egia esan horretaz konturatzeko ez dago Goncourt saria irabazi dauan autorea izan beharrik. Sekten indarra gizartean gero ta errotuago dagoala be gauza jakina da. Lanzaroteko lur eremuak mortu eta latzen inguruan be idatzi deusku lehenago, hain juxtu Lanzarote izeneko nobela – appetizer labur haretan. Eta zoriontasuna zakila neska gazte baten alu estu eta flexiblearen baliokidea dala be askotan irakurri deutsagu. Ze barritasun aportatzen deusku orduan Houellebecq-ek?

Ba azaleko gaiaren itxurazko aldaketa batez salbu (itxurazko diot, ze protagonistak bere alter egoa izaten jarritzen dau, gizartea sustengatzen daben morala eta baloreen dejenerazioa lehen lerroan dagoz, ta zer esanik ez betiko titi, “felpudo” eta zakil tenteak), ezer gutxi.

Hori bai, Houellebecq nekatuta, ahituta dagoala nabari da. “Siketute”, neure amamek esango eben moduan. Nobelako protagonista dan Daniel bezala, 47 urteko komiko edo umorista, bere espektakulu azido eta “kontzeptualekin” Frantziako kritikaren faborea bereganatu eta urrezko atseden batera erretiratzeko aukera egiten dauana. Baina dirua, sekulako parajean kokaturiko etxea eta bikote erakargarri eta inteligente bat izan arren, adinak eta beronek dakartzan arazoek ez deutsoe barkatzen.

Danielen mundua dejeneratzen hasten da, Esther izeneko neska espainiar gaztea ezagutu arte. Honek ilusoa eta miatemina, eta batez ere sexuaren ikuspegi berritu bat erakutsiko dizkio, baina baita bere arazoak areagotu be.

Era berean, Daniel sekta batekin hartuemonetan hasiko da, eta nahiz eta kuriositate antropolojikoz egin, nahiko sakon sartuko da sekta honen garapen eta hazkundearen inguruko jazoeretan. Azkenean, sektan guztiz barneratuko da, bere esperantza bakarra den hilezkortasuna eskeintzen baitiote.

Izan ere, nobelaren beste gorputza osatzen dabe Danielen ondorengo klonikoak izango diren Daniel 24 eta Daniel25-en kontakizunek. Honeek 2000 urte aurreragoko mundu suntsitu eta kaotiko baten bizi dira, inguruarekiko hartuemon zuzenik eukin gabe, sektak antolaturiko bizitza errejimen seguru bezain aspergarrian murgilduta, lehenengo Daniel harek utzitako bizitza – kontakizunaren haria jarraituz gizakiaren sentipen eta pentsamoldeak ulertzeko ahaleginean. Ez dira gai ordea, giza espezie berri bat osatzen baitute, eta Danielen grina, sentipen eta beldurrak ulertzeko ezgai izango dira, nahiz eta behin eta berriro horrretan ahalegindu bere autobiografiaren berrirakurketari ekinez

Dana dala, gizaki espezi berri hau eta kataklismoek suntsitu ez dituzten gizaki arruntak batera eta zoriontsu bizi diren irla bat egotearen aukera ere badago, eta ez dira gutxi euren “betiereko segurtasuna” albo batera utzi eta irla horren bila abiatzen diren neogizakiak.

Pertsonalki, nahiz eta Houellebecq-ek betiko teklak nahiko modu zorrotzean jotzen jarraitzen duen, bere literatura aldatz behera nabarian dagoala sumatzen dot nobela honetan. Arazo nagusienetakoa sinesgarritasun falta da.

Neogizakien teoria barriak “Las Particulas Elementales” nobelan azaltzen ziren klonazio eta hilezkortasunaren teoriek baino sineskortasun urriagoa du. Zer esanik ez hemendik 2000 urtera itsasoak sikatu eta plaka tektonikoak guztiz mogiduko direla dioten teoriak. Bere aurretiko nobeletako gizartearen deskribapena azidoa baina zehatza eta egiazkoa zan. Orain, karikatura sinple batekin konformatzen da maiz: Bruselasko funtzionariak, Lolita aldizkariaren irakurleak, sektako kideak, Madrileko giro unibertsitarioko gazteak… oso modu estereotipatu eta sinplean deskribatzen dituela nabari da. Hori bai, ez die barkatzen zahartzaroaren aurrean azaltzen daben higuina eta tolerantzia eza... “alu gazte bat eskura izateko eskubidea dut!” ohiukatuz dabilkigu idazle frantziarra nobela osoan.

Baina... hain zahartuta hago, Michel, miresle literarioekin be ligatzeko gaitasunik ez duala? Seguru hogeitapiku urteko kazetaritza edota letretan lizentziatu berri bat baino gehiago dagoela zure zakila ahoratzeko prest...

Kritiko frantziar batek zioen Houellebecq – zale sutsuei jasangaitza zitzaiena zera zela: idazle frantziarraren nobela salduena bere lanik txarrena izatea. Izan be, ez da “Ampliación…”-ek suposatzen zuen ukabilkada labur baina sakona. “Plataforma” nobela sozio – ekonomiko - antropolojiko zorrotz bezain dibertigarriarekin ere ezin daiteke konparatu. Eta “Las Partículas…” nobela totalarekin zer esanik ez. Houellebecq-ek nobela honetan darabilzan idazkera eta argumentazioa nolabait definitzekotan hiru H erabiliko nituzke: “histrionikoa”, “hiperbolikoa” eta “hipokondriakoa”. Zailago, ozenago eta garratzago izateko ahaleginetan jabilku autorea, baina luma hartzeko gogo gutxirekin dabilela emoten du.

Ah... non geratu dira Tisserand, Bruno, Michel edota Valérie moduko pertsonaiak...

Enfin, beti berirakurri ahal izango ditugu bere aurreko lanak. Besteekaz hori noizbait egingo dudala argi daukadan arren (nahiz eta jadanik berirakurrita euki), “La posibilidad de una Isla”-gaz ez daukat batere garbi...


Wednesday, January 11, 2006

"Anjel Lertxundiren blogetik ateratakoa"


"Bartzelonako kaleetan dauden kontrol-kamera guztietatik Georges Orwell plazan jarri zuten lehena"


Biribila! Idatz itzazu Kataluniari omenaldia eta kontrolaren kontrako 1984 nobela, bil ezazu plaza bati zure izena emateko adina meritu, zertarako, eta txokotxo bat egiteko bideo-kamera bati!

Saturday, January 07, 2006

Woody Allen

Sex without love is an empty experience, but as empty experiences go, it's one of the best.

Wednesday, January 04, 2006

Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan

Ze munduan den tristeena da bizitza ia ohartu orduko pasatzen dela, eta susmatzen dut bi edo hiru edo hamaika bizitza behar genituzkeela benetan bizi izan garela esan ahal izateko.
Joseba Sarrionandia

Saturday, December 31, 2005

"Min arraroa da... Inoiz biziko ez duzun zerbaitengatik oroimenez hiltzea"


Izenburua: Zeta. (Seta)

Egilea: Alessandro Baricco.

Argitaletxea: Igela.

Orrialdeak: 112.

1958.ean jaio zen Alessandro Baricco Turinen. Filosofian lizentziaturiko idazle eta kazetaria da, liburu programa bat zuzendu izan duena eta idatz eskola bat fundaturikoa.

Hervé Joncourren istorioa dugu hau, zeinetan berak hainbat bidai egingo dituen Japoniara Zeta beldarren arrautzak eskuratzearren. Bueltan ordea, arrautzak baino garrantzitsuago diren kargamendua ekarriko du, barne kargamendu berezi bat.

Labur eta hizkuntza poetikoz idatzitako liburua dugu hau. Bariccoren hitzetan, keinu bidez eta ez pentsamendu bidez kontatu nahi zuen Zeta istorioa, keinu bidez bakarrik. Beharbada horregatik du eleberriak egitura desberdina. Hirurogei ta bost kapitulutan banaturik dago, orrialde bakarrera iristen ez direnak ugari direlarik. Gainerantzean deskribapenen falta, tarte askoren errepikapena eta hizkuntzaren poetikotasuna nabarmenduko nituzke. Astiro irakurtzekoa beraz, zaporea hartu nahi bazaio behintzat. Bukaeran borobildua den liburua dela esango nuke, istorioa itxiz bukatzen dena. Hori bai, tartean gauza asko gertatzen ez delako sentsazioa izan dezake batek behar duen patxadaz irakurtzen ez badu. Nik behintzat bigarrenez irakurtzeko premia nabaritu dut, Bariccok azaltzen dituen keinu poetiko horiekin berriro bustitzearren.

©

Friday, December 30, 2005

El cuerpo


Izenburua: El Cuerpo (The Body).

Egilea: Hanif Kureishi.

Argitaletxea: Anagrama.

Orrialdeak: 270.

Ingalaterran jaio eta hazirikoa dugu Hanif Kureishi. Londoneko King’s College-ean burutu zituen filosofia ikasketak eta han hasi zen antzerki lanak idazten. Honetaz gainera, kontakizun liburuak, pelikula gidoiak eta eleberriak idatzi ditu, hainbat sari jaso dituelarik.

Ingelesa izan arren, bere familia, edo aita gutxienez, Pakistandarra zen. Honela, familia etorkinen arazo jenerazionalak landu ditu bere obran zehar. Eta lan honetan, etorkinena bakarrik ez, baizik eta guraso ta seme-alaben arteko harreman tirabiratsuak jorratzen ditu behin eta berriro. Harrapaturik dauka arazoak idazlea dirudienez, ezin baitezake bere lanetatik urrundu. Eta hau “My ear at his heart” bere azkeneko eleberrian ikus dezakegu berretsirik.

Liburu honi dagokionez, zazpi atalez osaturik dago: “The Body” eleberri laburrarekin hasi, eta beste sei ipuinek jarraitzen diote. Hasierakoan, gazte baten gorputza jasotzen duen agure batez dihardu, eta honek dakarzkion abentura zein arazoetaz. Beste ipuinei dagokienez, tentsio familiarra ardatz duten kontakizunak direla esango nuke,. borobildurik ez daudenak, baina zer pentsatu ugari ematen dutenak. Batez ere, berak duen arazo berdina dutenetzat.

Honelakoak (“Ciudadano de ninguna parte, habito el País de Follar”) aurkituko ditugun arren, ez dezala irakurleak pentsa eleberriak ez duela barrenik, izan ere, batzutan hain da barnekoia, kosta egiten dela guztiz ulertzea.